GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Faborito garbirik ez da ikusten Gipuzkoako finalean

Azurmendi, Larrañaga, Arria V.a, Mugertza II.a eta Alberdi neurtuko dira.


Gipuzkoako Lehen Mailako finala jokatuko da gaur arratsaldean, 18.00etan, Mendaroko pilotalekuan. Bertan, Julen Alberdi, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza eta Arria V.a neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak, lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu.

Faborito garbirik ez da ikusten gaur arratsaldean jokatuko den final honetan. Ikusmina, berriz, ikaragarria da. Iñaki Azurmendi da guztietan beteranoena, eta badaki ederki asko zer den herrialdeko txapela lortzea. Iaz ez zuen lortu, ez eta Euskal Herriko finalean sartzea ere, eta aurtengoan arantzak ateratzen hasteko erarik onena litzateke honelako garaipen handi batekin hastea.

Mikel Larrañaga da egungo txapelduna. Azpeitiarrak orain dela hilabete baino gutxiago jokatu zuen Txikonen aurkako apustu ahaztezina. Behin neurketa hura jokatuta, badirudi ez dagoela bere unerik onenean, baina txapelduna izanda, garbi dago bera dela txapela lortzeko faborito nagusia.

Arria V.a ere faboritoen artean egongo da. Errezildarrak marka ikaragarria egin zuen joan den apirilean, baina ordutik izan du denbora ongi errekuperatzeko eta final hau ongi prestatzeko ere bai. Begi asko izango dira gaur berari begira, askoren ustez txapela lortzetik gertu ibiliko baita.

Beharbada, besteak baino tapatuago joango da, baina gaur Ugaitz Mugertzak txapela lortuko balu, inor ez luke ezustean harrapatuko. Mutrikuar gaztea ia beti ongi aritzen den horietakoa da, eta oso gutxitan huts egiten duena. Beraz, gaurkoan oso kontuan hartu beharreko aizkolaria izango da, eta txapela buruan duela amaitzen baldin badu ere, ez du inor ezustean harrapatuko. Beti maila ematen duen horietakoa da mutrikuarra, eta gaurkoan ere lehia handia eskainiko du.

Akaso, gaur presiorik gutxien izan dezakeena da Julen Alberdi. Azkoitiarrak lehen aldiz hartuko du parte Gipuzkoako maila nagusiko finalean, eta aurten inork mailarik galduko ez duenez, horrek lasaitasuna eman behar dio. Urduritasuna kontrolatzen baldin badu, lan asko eman lezakeen aizkolaria da, maila oso ona erakutsi baitu azkenaldiko saioetan. Gaurko finalak hori dauka ona, ez dagoela faborito garbirik, eta denek diruditela txapela lortzeko aukeren jabe. Horrek ikusmina handitzen du.