GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Otxandioko bonbardaketa


Joan den uztailaren 10ean, Jose Maria Ruiz Soroak artikulua argitaratu zuen “El Correo” egunkarian. Bertan frankistek Otxandion 1936ko uztailaren 22an burututako bonbardaketari buruzko bere aportazioa burutu eta euskal erakundeek gertakari honi buruz daukagun bertsioa deskalifikatu zuen. Otxandioko alkate moduan, artikulu hori informazio gehiagorekin osatu nahi nuke.

Batetik, gaur egun Udalean daukagun informazioaren arabera gutxienez 62 lagun hil ziren bonbardaketa hartan, gehienak zibilak eta euretatik asko umeak. Zenbaki zehatzak ez erabiltzearen zergatia sinplea da: oraindik justiziak ez du ofizialki ikerketarik abiatu benetan zer gertatu zen argitu asmoz. Dakigun guztia, azken urteetan hainbat historialari eta herritarrek lekukoen testigantzak jasoz burututako lanari esker jakin ahal izan dugu. Biktimen artean militarrak ere egoteak ez luke aitzakia izan behar bonbardaketa honen ankerkeria neurtzeko: gizateriaren aurkako krimen baten aurrean gaude, argi eta garbi.

Bestetik, ezin ahaztu krudelkeria honen erantzule zuzena, Angel Salas Larrazabal militar espainiarra. Ez da inoiz krimen honengatik ikertua edota epaitua izan. Eta are larriagoa dena, kriminal hau militarren ohore gorenarekin saritua izan zen. Ustezko «demokrazia» garaian, Felipe Gonzalezek aireko kapitain goren izendatu zuen.

Horregatik, lerrootatik irakurlea Andikonako bonbardaketaren inguruko bere epaia ematera gonbidatu nahi nuke. Otxandioko udaletik garbi daukagu gure konpromisoa zein den: krimen hau ezagutzera eman, justizia aldarrikatu eta frankismoaren biktima guztiei gure omenaldirik sentikorrena eskaini, uztailaren 23an Andikona plazan egin genuen moduan.