Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Euria

Lurrean ere zer janik ez da, urak ematen ez badu». Sebastian Lizasok, arrantzalearen ofiziotik, itsasoari begira botatako azken puntu kosmogonikoa. Euskal gizartean hamarkada gutxitan izan den aldaketa psikologiko handiaren adibide ona da euria.

Gure udalerrian 1971. urtean egin zuten euria egin zezan eskatzeko azken errogatiba. Amerikar indigenen euri-dantzen bertsio sasi-kristautua. Sekula agortzen ez ei zen iturri baten gainean eraikitako Santa Kolomako ermitako Andra Maria hartu eta prozesioan eroan zuten, Bolue errekan irudia busti, eta ermitara buelta. Bai adiskideok, orain bi belaunaldi zeruari ura eskatzen genion udan. Lurrarekin kontaktuan geunden, eta lehortea, hots, heriotza zen gure etsaia. Gaur, ordea, eguraldi triste, petral eta goibela deitzen diogu euriari. Konturatu gabe, triste, petral eta goibelak soilik pertsonak izan gaitezkeela, sekula ere ez gauzak. Gu gauzak kausa bihurtzen saiatu arren.

2015eko urriaren 12an Eli eta Mikelen artaldearekin sartu ginen herrira, euria zarra-zarra ari zuen. Hurrengo egunetan esaldi bera entzun nion jende ugariri: «Tamalgarria euria egin izana, ezin izan genituen umeak artaldea ikustera eraman». Niri gure amaren irudia etortzen zitzaidan burura. Jolasetik mela-mela eginda gentozenean: arropa eranzteko agindu, esku-painuarekin burua sikatu, arropa lehorra jantzi eta laster zen gure eskuetan esne bero eztia. Euria beste jostailu bat baino ez zen. Gainera, bazeuden soilik euritan egin zitezkeen jolasak, esaterako, txitxipozo, edo putzuetan salto eginez elkar zipriztintzea. (Agian gaur egun olgeta hori ez da pedagogikoki onartua, batek daki).

Euririk eza, eguzki galda eta eguneroko zeru urdinaren maitalea zorionekoa da XXI. mendean. Biologikoki infernuaren deskribapena diren ezaugarri iraunkor horiek gero eta lur eremu zabalagoetan aurki daitezke.

Eskerrak eguraldia ezin dugun demokratikoki erabaki. Bestela, hamar urtetan gure ingurunea guztiz suntsituko genuke. Badakizue, pura vida.