GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zorionak


Noam Chomskyk aspaldi azaldu zuen manipulazio mediatikorako hamar estrategiak zein diren. Horietan lehenengo estrategia distrakzioa da. Erabaki politiko garrantzitsuen aurrean, publikoaren arreta desbideratuko duten bestelako albiste hutsalez bonbardatzea.

Umekeriaz edo alderdikeriaz azken urteetan sarri entzun izan dugu zenbait lider politikoren ahotik presoen auzia ez dela lehentasunezkoa euskal gizartearentzat eta ezker abertzalearen problema partikular bat baizik ez dela. Benetako bakea eta normalizazio politikoa nahi duen edonork eta herri ikuspegi minimo bat duen edonork ez luke halako astakeriarik esango. Baina Egibar egunotan atera da berriz ere matraka horrekin, EPPKren urratsari eta herriaren taupadarekiko akonpasamenduari balioa kendu nahian.

Zeren hemen denok ados gaude bake egoera benetako bat guztiontzat onuragarria izango dela, ezta? Eta preso batek espetxean jarraitzen duen heinean normalizazio politikoaz hitz egin al genezake? Sufrimendu guztiak erreparatu behar dira, bakoitza bere erantzukizunen jabe eginez, baina horretarako bide okerra da sufrimendu egoerak luzaraztea edo berriak eragitea.

EPPK-k berriz ere erakutsi du Euskal Herriarekiko bere konpromisoa zein den. Bakearen eta askatasunaren alde beharrezkoa dena egiteko prestasuna azaldu du berriz ere. Tamalez, erantzun eraikitzaileen ordez, berriz ere batzuen partetik sakoneko korronte hori ezkutatu nahia nabaritu da. Informazio hutsalak argitaratuz medioetan eta egokitzapena gutxietsiz. Berriz ere denboren kontrola berenganatzeko kalkulua baizik ez da.

Eskerrak herritarrek zentzu komun handiagoa duten. Eta eskerrak ezker abertzalean bezalako jende konprometitua dugun, dena ematen jarraitzeko prest. Presoen alde igerian kostalde osoa egitea, hamabost egun gose greban pasatzea, zortzi eguneko martxa zoragarri bat egitea eta Hatortxu Rock festa erraldoia antolatzea ez da edozein tokitan egiten. Txapela kentzekoa. Zorionak guztioi. Gora herria!