Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Erraldoien uhartea

Harro. Hilabete ugariko lanaren ostean martxan gaude. Atzo ireki zituen ateak Hatortxu Rocken 20. edizioak. Baina gaur atzera begirada bat bota nahi dut.

Aspaldian Hatortxu izan da gutako askoren bizileku, lankide eta familia. Neketsua eta gogorra izan da bidea, baina plazerez betea. Lanean erotu beharrean. Ehunka lagun gora eta behera. Zaila da hau baino lantalde hoberik imajinatzea. Lana, tentsioa, haserreak eta barreak. Irribarre baten indar neurtezina.

Uharte batean egon gara kasu askotan, inguratzen gaituen guztiaz aldenduta. Elkartasun jaialdi batek irentsi gaitu. Eta uharte horretako izkina batean, batzuetan baztertuta, bikote, familia eta lagunak. Baztertuta bai, baina proiektu honen ezinbesteko makulu. Batzuen pazientzia eta babesik eta besteen laguntzarik gabe ezinezko litzateke egun honetara iristea.

Hatortxu 20ren antolaketan hasi aurretik ez nuen inondik ere imajinatzen zer suposa zezakeen honek guztiak. Orduak, orduak eta orduak. Baina ederra da ikustea denak norabide berean lanean jartzen garenean lor ditzakegun gauzak.

Bakoitzak bere apurra jarriz heldu gara hona. Ahaztezinak izango diren egunak ditugu aurretik eta ahaztezinak ditut dagoeneko azken aste eta hilabeteak. Ahaztezinak zaituztet. Uharte honetan isolatuta egon gara, eta berriz ere isolatu beharrik ez izatea litzateke berririk onena, baina erraldoi talde honekin edozertarako gai garela erakutsi dugu. Erraldoi talde erraldoia.

Gora gu ta gutarrak! Txori askeen unea heldu da!