Ainara Lertxundi
Kazetaria
IKUSMIRA

«Ama, lasai, ama, lasai»

Hitzordua Durangon izan zen, 2015eko urtarrilean. Gaia, dispertsioaren ondorioak presoen seme-alabengan. Kepa Del Hoyo presoaren bikotekidea ere han zegoen. Orduan 17 urte zeramatzan kartzelan. Semeak hilabete eta erdi baino ez zuenean atxilotu zuten. 17 urte horietan soilik behin ekarri zuten Kepa Euskal Herrira, Langraizera, bere aita ikus zezan.

Behin, funtzionario batek argazki makina bat utzi zion bisita batean eta semearekin 27 argazki egiteko aukera izan zuen. Baina, beste behin, semearen argazkia puskatu zioten. Bost pertsonaz osatutako mahai-inguru horrek luze jo zuen, nahiz eta hasieran isiluneak nabarmenak izan. Ez baita erraza dispertsioak eragiten dituen minak, oinazeak, kezkak, haserreak, beldurrak, ezinegona, tristura… lehenengo pertsonan eta ezezagun bati adieraztea. «Beti dispertsioaren zama gainean dugula. Nola azaldu hamaika urteko seme bati bidaia luze baten ostean bisita ukatu digutela? Edo bere lagunaren urtebetetze festara ezin dela joan bisita dugulako eta iristeko bezperan atera behar dugulako? Edo etxekolanak autobus batean egin behar dituela?». «Sekula ez dakizu nola bukatuko den bidaia. Baina, semeak beti esaten dit, ‘ama, lasai, ama, lasai’», kontatu zuen.

2017ko uztaila. Kepa Euskal Herritik 700 kilometrora hil da, aspaldi indargabetuta egon behar lukeen politika anker bategatik. Del Hoyoren bikotekideak duela bi urte bota zuen galdera sorta horri norbaitek erantzuna eman beharko lioke lehenbailehen eta, are garrantzitsuagoa dena, dispertsioari behin betiko agur esateko neurriak hartu.