Beñat Zaldua
Kazetaria
JO PUNTUA

Ez zara Venezuelaz kokoteraino dagoen bakarra

Pues hija, yo ya estoy cansada de tanta Venezuela arriba y tanta Venezuela abajo». Aste honetan Iruñean entzundako aitorpena da. Ia ahapeka egindakoa denda bateko ilaran. «Beharrik!», pentsatu nuen nire baitan, ezezagun hari ni ere kokoteraino nagoela esateko gogoari eutsiz.

Saiatuko naiz azaltzen. Bat. Interesatzen zait Venezuelan gertatzen dena. Hego Amerikan azken bi hamarkadetako ziklo ezkertiarraren hastapen, inspirazio eta akuilu izan da, aberastasunaren birbanaketa erradikalaren eredu. Chavezen Venezuela gabe ezin da ulertu Hego Amerika, ezta egun bizi dituen tentsioak ere. Eta horri buruz informatzea ezinbestekoa iruditzen zait –irakurri Alberto Pradillaren kronikak–, beti ere testuingurua aintzat hartuta. Alegia, ahaztu gabe bortizkeria, esaterako, askoz latzagoa dela Mexikon, edo ustelkeria eta autoritarismoa larriagoak direla Temer-en Brasilen. Testuinguruak ematen digu beti notizia baten garrantziaren neurria.

Bi. Venezuela bolivartarrak hamaika aje dituela jakinda ere, oposizio autoritario, kolpezale eta arrazista ez da inoiz hobea izanen. Honek ez ditu Maduroren administrazioaren akatsak errugabetzen, baina komeni da ez ahaztea.

Hiru. Bistakoa da Espainiako komunikabideek bertako logikaren pean erabiltzen dutela Venezuela. Ez bada Rajoyren deklarazio judiziala estaltzeko, Podemos edo Kataluniari egurra emateko da. Hemen ere badaukagu fenomenoaren berri, Anasagastiren eskutik.

Lau. Hala izanda, ez dut ulertzen nola tematzen diren batzuk inposatutako eztabaida horretan sakontzen. Benetan, ez dut ulertzen zer irabaz daitekeen hemen Venezuela konfrontazio eremu bezala onartuz. Gauza bat da, internazionalismoak bultzatuta, elkartasun osoa adieraztea Venezuelari eskuinaren erasoen aurrean. Beste gauza bat da Espainiako eskuinari jokoa egin eta Venezuelako auzia hemengo eztabaida politikoaren erdigune bihurtzea.