07 AGO. 2017 JOKOAK Gasteizko aizkolarien torneoan faboritoek ez dute hutsik egin J.L. Atutxa eta Rodriguez I.a eta Vicente II.a eta Rodriguez II.a izango dira bihar 12.00etatik aurrera Gasteizko Foru plazan jokatuko den Gasteizko Torneoko finalean. Hasi aurretik ere eurak ziren faboritoak, eta ez dute hutsik egin. Atutxak eta Rodriguezek Mugertza eta Kintana hartu zituzten mendean. Lan guztiak egiteko, 23 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten, eta galtzaileek, berriz, 24 minutu eta 29 segundo. Beste finalerdian, Vicentek eta Rodriguez II.ak Zubiaga eta Jauregi menderatu zituzten. Irabazleek 2 minutu eta 54 segundo eman zituzten egin beharreko bost probak burutzen, eta galtzaileek, aldiz, 23 minutu eta 55 segundo. Gainera, Arabako trontzalari mistoen finala Lapazaranek eta Lopezek irabazi zuten, euren lana 4 minutu eta 41 segundoan burututa. Atzetik, Lopez eta Linaza (6.11) eta Llanos eta Gonzalez (8.01) sailkatu ziren. Gaur, giza proba, txingak, zaku lasterketa eta lokotxak ikusi ahal izango dira Foru plazan, 12.00etatik aurrera.