Ariane KAMIO
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Bizikidetzen naiz

Galdetzen diot neure buruari ezkertiar eta independentista buruzagi batek bere inguruan mugak behar lituzkeen indar aurkakoekin harremanak eraiki ala ez erabakitzeko. Eta baldin badaude, muga horiek maila politikoan soilik eraikiko liratekeen edo kutsadura pertsonal baten eraikuntza ondorioztagarri bat baino ez ote ziren izango.

Ez bata eta ez bestea. Egun batzuk atzera eginda Arkaitz Rodriguezek Gipuzkoan hedadurazkoa den medio batean egindako elkarrizketan aipatzen zuen Sortu PPrekin biltzeko prest egongo litzatekeela, eta bakea, lagunen artetik harago, aurkariekin eraiki behar dela.

Gertuko batek beilatoki batean gertatutako eszena deskribatu berri dit. EAJko militante den jendea, ezker abertzalekoak eta ertzain bat. Herri berberaren jiran bira desberdinetan urteetan inguru berberean biziraun duen jende multzoa. «Halako egoeretan sortzen da bizikidetza. Marka da gero!».

Galdetzen diot neure buruari azken hamarkadetan tipularen zenbatgarren geruzan sarrarazi ditugun geure buruak, babes komunitario baten bila kasu askotan, beldurraren aurkako eraikuntza neurrigabeko besteetan, edo ariketa inklusibo gisa beste hainbatetan. Hamaika arrazoi horren atzean, arrazoiak pertsonak adina.

Baina emakumeok ahalduntze prozesu bat egin behar dugun bezala eta borroka feminista nork bere iraultzatik abiarazi behar duen antzera, ezkertiar eta abertzale garaikideon elkarbizitza berriak ere errebolta pertsonalizatuak beharko dituen konbentzimenduz ari naiz, etorkizunari aurrea hartu eta garaian ibiliko bagara behintzat.