14 AGO. 2017 Huntza Jon GARMENDIA Idazlea Oroitzen dut lagunartean kantatzen genuen jota zahar bat, hiru aldiz errepikatzen ziren esaldiaren lehen hitzak, eta zer kantatzen nuen jakin gabe, hau da, intziriekin jositako melodiaren zentzu osoa harrapatzen ez banuen ere, ozen biltzen nintzen kantura. «Quisiera, quisiera, quisiera volverme hiedra, y subir, y subir, y subir por las paredes, y entrar en, y entrar en, y entrar en tu habitación, por ver el, por ver el, por ver el dormir que tienes». Sumatzen nuen maiteminduarenganako desira zegoela, baina ez nekien «hiedra» zer zen, eta tira, lau lerroak buruz ikasteko errazak zirenez, ignorantziaren lotsak saihestuz, ahots koroari segida ematen nion. Geroago jakin nuen euskaraz huntza zela, hormetan gora egiten duen landare herrestaria, egun bizi naizen lurrotan xira deitzen dena. Eta urteetan entzun gabeko hitza sei gipuzkoarrek sortutako musika talde batekin etorri zitzaidan berriro belarrira. Eta distantziatik beha, etengabe gorantz ikusi ditut. Modako taldea zela erran zidaten aurrena, “Aldapan gora” abesti itsaskorrarekin kolpea jo zutela, gazteegiak direla, ez dutela agertokietan esperientzia handirik… badakizue, norbaiten arrakasta loriatu ordez logika kritiko bat gainjartzeko daukagun euskal «zera» hori. Larunbat gauean Azkainen egon ziren Huntza-koak, zuzenean, eta uf! aspaldi ez nuela euskal talde bat ikusteko halako irrika ikusi, ordubete lehenagotik jendea urduri, tokia hartu nahian, gaztetxoak, nerabeak, helduak, adin orotako jendea, baina baita hizkuntza orotakoa ere, hau da, frantsesez mintzo diren ezagun anitz ikusi nituen, euskaraz ari den talde baten zain… harrigarria enetzat! Beharbada emozioaren kontuak dira, baina nire itxaropen erreserbetan poza piztuta sartu nintzen etxera. Segi gorantz Huntza, eta zorionak. Larunbat gauean Azkainen egon ziren Huntza-koak. Aspaldi ez nuela euskal talde bat ikusteko halako irrika ikusi, gaztetxoak, nerabeak, helduak, adin orotako jendea, baina baita hizkuntza orotakoa ere