Euskal Herriko finaleko onenak, Urrezko Kopan
Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Juanjo Lopezizan ziren aurreneko bostak eta eurek moztu beharko dituzte 14 kana-erdikoak.
Urrezko Kopa jokatuko da gaur, 19.30etik aurrera, Donostiako Trinitate plazan. Aizkolarien egutegian urteko zitarik garrantzitsuenetakoa izaten da gaurko hau. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki behar izaten ditu.
Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Juanjo Lopez izango dira gaur lehian arituko diren aizkolariak, eurak izan baitziren pasa den urteko Euskal Herriko Txapelketako aurreneko bost sailkatuak, eta hori izaten baita lehiaketa honetan parte hartzeko bidea ematen duena.
Badirudi txapela Aitzol Atutxaren eta Iker Vicenteren artean egongo dela; hori ematen du behintzat, adituen iritziak entzunda. Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, eta bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Bizkaitarrak berea egiten baldin badu, oso zaila izango da gainerako aizkolarientzat aurreneko postu hori eskuratzea.
Iker Vicente da zaleen itxaropenik handienetakoa. Oraindik oso gaztea izan arren, gauza asko egin ditu, eta udan zehar ematen ari den itxura ere ikaragarria da. Pasa den larunbatean Latasaren Oroimenezkoa irabazi egin zuen Saralegirekin batera, baina gaurko lana ezberdina izango da eta bakarrik aritu beharko du. Hala ere, adituen ustez bera izan daiteke Atutxa estuen har lezakeena.
Joseba Otaegirekin inork gutxik kontatzen du, baina zizurkildarra ere hortxe dago. Iaz bigarren izan zen Euskal Herriko Txapelketan, eta gaurkoan bera ere ezingo da bazterrean utzi. Lan ona egin lezake, eta agian beste biek baino presio gutxiago eramango du.
Mikel Larrañagarekin ere ezin da ahaztu. Azpeitiarrak Txikonen aurkako apustuaren ondoren, normala den bezala, beherakada bat izan zuen, baina Gipuzkoako Txapelketan berriro ere bere onera zetorrela erakutsi zuen, eta gaurko saioa gogoz prestatuta izango du. Azpeitiarra maila handikoa da, eta bera ere oso aurrean sartzea ez litzateke ezustea izango.
Irabazteko aukerarik gutxien Lopezi ikusten zaio, baina lehiaketa honetako beteranoenak ere izango du zeresana, dudarik gabe, gaurkoan presiorik gutxiena ere berak eramango baitu, eta galtzeko ez baitu ezer izango.