20 AGO. 2017 Berezkoak Larraldek eta Ducassouk ez dute hutsik egin eta elkarren aurka arituko dira Larraineko finalean Jon LEUNDA Denek Larralde eta Ducassou elkarren aurka da ikusi nahi dituzte, horiek baitira egungo bi pilotari onenak, eta horiek izango dira gaur 11.00etatik aurrera Larraineko trinketean jokatuko den finalean. Larraldek Lanbert izango du lagun, eta Etxegarai arituko da Ducassourekin. Herenegun gauean jokatu ziren bi finalerdiak. Aurrenekoan, Larraldek eta Lanbertek 40 eta 28 hartu zituzten mendean Ospital eta Bilbao, 75 minutu iraun zituen neurketan. Partidak bi zati ezberdin izan zituen. Aurrenekoan berdintasun handia izan zen, baina hogeigarren kintzetik aurrera dena aldatu zen. Larralde eta Lanbertek 11-1eko partziala sartu zuten, eta hor geratu zen erabakita lehen finalerdia. Larralde izan zen neurketako onena, eta Lanbertek ere oso ongi lagundu zion atzean. Saketik bost kintze egin zituen Larraldek, eta bat gutxiago Ospitalek. Honakoa izan zen markagailuaren mugimendua: 15-11, 20-14, 26-20, 31-21, 37-25 eta 40-28. Bigarren finalerdian, Etxegaraik eta Ducassouk 40 eta 31 hartu zituzten mendean Waltari eta Gixandut, 70 minutuko partidan. Irabazleak beti aitzinetik aritu ziren, nahiz eta inoiz ez zuten alde handirik lortu. Hala ere, gakoa 25-20koan egon zen, hor apurtu baitzen partida: irabazleek 16-6ko partziala sartu eta neurketa guztiz erabakita utzi zuten. Saketik, bosna sake egin zituzten Etxegaraik eta Waltarik. Markagailua, berriz, honela mugitu zen: 8-8, 15-11, 20-14, 25-20, 33-21, 36-26 eta 40-31. Battitte Ducassou izan zen kanporaketa honetako onena, sekulako sasoian dagoela erakutsiz.