Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Krutwig eta Garzon

Federico Krutwigek kontatzen du bere biografian 1970eko hamarkadaren hasieran gertatu zitzaion pasarte hau. Erroman zen orduan Krutwig frankismotik ihesean. Egun batean Muntaner delako anarkista batek erbestean zen espainiar Errepublikako orduko presidentea aurkeztu zion: Claudio Sanchez Albornoz.

Huntaz eta hartaz hizketan ari zirela esan omen zion Albornozek Krutwigi euskaldunok frankismoaren aurkako borroka «polikiago» egin beharko genukeela. Presidentearen ustez euskal erresistentzia «Espainiako gainontzeko lurraldeetan» baino askoz azkarrago hari zen aurreratzen. Krutwigek orduan arrapostua eman omen zion ea txarrik ote zuen horrek eta ez ote zuen hain zuzen balioko tirania lehenago erorarazteko.

Albornozen benetako kezka beste bat zen, ordea. Euskal Herrian frankismoaren aurkako borrokan urratsak azkarregi emanez gero, historiaren dinamikak Euskal Herria Espainiatik bereiztera eramango zuela aurreikusten ei zuen presidenteak.

Urriaren 1ean Katalunian independentzia erreferenduma egin nahi dute, frankismoaren oinordekoa den 78ko erregimenak ezarriko dizkien oztopoei abileziaz iskin eginez. Asteotan Espainiako ezkerraren eta komunisten adierazpenak entzunda, Krutwigek kontatzen duen pasartearekin alderatzea ekidinezina da. Ia 50 urteren ondoren ez dirudi Espainiako ezkerraren planteamendua asko aldatu denik.

Espainian M15aren ondoren sortu zen aldaketarako itxaropena desagertuta, Kataluniako prozesua da 78ko Erregimena eraits dezakeen torpedoa, eta beraz, Espainian ere aldaketa sakonerako atea ireki dezakeen akontezimendu politikoa.

Beste behin ikusi dugu funtsezko auzia Espainiaren banaezintasuna dela. “Antes roja que rota” leloaren ondoan, Espainiako ezkerra ere funtsean eskuinarekin eta establishmentarekin lerrokatzen dela herrien erabakitzeko eskubideaz ari garenean, are galdeketa bezalako ariketa demokratikoaren aurka posizionatuz ere, horretarako, legalitate ezaren aitzakia baliatuz. Ezkerrak dio hori... eskerrak!