26 AGO. 2017 Aizkora Finalean sartzeko azken aukera Lakuntzan J.L. Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren eta azken kanporaketa jokatuko da, eta hori bihar izango da Lakuntzako plazan, 18.00etan. Aurrenekoa jadanik jokatuta dago eta hura hilabete honen hasieran jokatu zen. Orduan, Alkizalete II.a, Txapartegi eta Kortxero sailkatu ziren finala jokatzeko. Azkeneko egunean izango diren beste hirurak bihar ezagutuko dira. Honako hauek lehiatuko dira: Iñaki Kintana, Juan Rodriguez, Juanillo Rodriguez, David Naredo, Jon Esnal, Urtzi Olasagasti, Unai Otaegi, Goizeder Beltza, Iker Gorriti, Iban Resano, Asier Pellejero, Jon Telletxea eta Patxi Mindegia. Aizkolari bakoitzak kana-erdiko lau enbor ebaki beharko ditu. Lehen hirurak sailkatuko dira finalerako. Aurreko kanporaketan, bost edo seiko zerrenda baldin bazegoen faboritoen artean, oraingoan ez dago, eta garbi dago edonork lor dezakeela helburua. Hori bai, kontuz ibili beharreko lana da, ez baita luzea, eta lan motz hauetan edozein deskuidu edo enbor txar bat nahikoa izaten da helburuetatik kanpo geratzeko. Ondorioz, kanporaketa oso lehiakorra izango den itxura guztia dauka, eta horrek ikusleen arreta ere pizten du. Neurketa honetan ere Euskal Herritik kanpoko aizkolari batzuk izango dira, segoviarrak eta asturiarrak. Hori bai, denek ere Euskal Herrian dute lizentzia eta txapelketan parte hartzeko ez daukate inongo arazorik. Txapeldunen Liga Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa Iker Vicentek irabazi zion Saralegiri, eta sailkapen nagusian aizkolari nafarra aldeak ateratzen ari da. Oraingoan Ruben Saralegi menderatu zuen, azken hori aritu baitzen Atutxaren ordez. Saioak ikaragarrizko emozioa izan zuen, eta amaieran 19 segundoko tartea bakarrik egon zen. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta hauetako bostetan atera zen garaile Vicente, eta bakarra irabazi zuen Saralegik. Hala ere, proba bakoitzean tarteak oso txikiak izan ziren, eta, ondorioz, amaieran 19 segundoko aldea bakarrik egon zen. 25 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Iker Vicentek, eta 25 minutu eta 29 segundo, berriz, Ruben Saralegik.