GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Resano izan da bigarren kanporaketako onena


Resano, Pellejero eta Telletxea sailkatu ziren atzo, Lakuntzan, Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko. Hiru hauei Alkizalete II.a, Txapartegi eta Kortxero gehituko zaizkie, haiek lortu baitzuten orain dela hiru aste finalerako txartela.

Erabat bete ziren Lakuntzako pilotalekuko harmailak. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Azken orduan bi baja izan ziren, Patxi Mindegia eta Iker Gorriti ez baitziren aritu, zenbait arazo zirela-eta.

Hiru txandatan banatuta aritu ziren aizkolariak. Aurrenekoan, Resano izan zen onena, eta berea izan zen aurreneko erreferentzia. Atzetik, Beltza, Rodriguez I.a eta Kintana sailkatu ziren. Hasieratik, gainera, horrelaxe jarri ziren, eta amaitu arte horrelaxe jarraitu zuten.

Bigarrengoan Pellejero sailkatu zen aurrena, eta bigarren Telletxea, eta biek lortu zuten finalean izateko txartela. Olasagasti izan zen hasieran indartsuena, baina gero atzera egin zuen, eta Pellejerok hartu zuen aurre, eta hortxe jarraitu zuen bukaerara arte. Telletxea ere bigarren postuan finkatu zen. Bolada batean borroka izan zuen Otaegi II.arekin, nahiz eta zizurkildarrak azkeneko enborrean apur bat behera egin zuen.

Azkeneko txanda berezia izan zen; izan ere, bertan euskal aizkolari bakarra aritu zen, Rodriguez II.a eta Naredo ez baitira hemengoak. Aurrenekoa Segoviakoa da, Rodriguez I.a bezalaxe, eta bigarrena Asturiaskoa, baina Araban eta Bizkaian dituzte lizentziak, eta ondorioz, bai herrialdeko lehiaketan eta bai Euskal Herrikoan parte har dezakete. Multzo honetan Rodriguez II.a izan zen onena. 

Resanok 9 minutu eta 59 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Atzetik sailkatu ziren Pellejero (10.45), Telletxea (10.52), Rodriguez II.a (11.06), Beltza (11.14), Otaegi II.a (11.32), Rodriguez I.a (12.11), Kintana (12.53), Naredo (12.58), Olasagasti (13.16) eta Esnal (13.36).

Segan, berriz, atzo Zestoan ikuskizun oso polita izan zen, txanda librean aritu baitziren, eta bertan Pardok eta Etxeberriak oso gutxigatik irabazi zieten Gabirondori eta Ormaetxeari. Sail handi bat zeinek lehenago moztu neurtu ziren.