02 SET. 2017 IKUSMIRA Norberak ikusitakoarekin ere fidatzerik ez... Mikel Jauregi Kazetaria Vueltako osteguneko etapan, Alberto Contador mendatean gora zihoala, bazterrean zegoen elastiko berdedun tipo batek errepidea gurutzatu zuen, erdi estropezuka, eta txirrindulari madrildarra jarraitzen zuen kamerariaren motorra jo zuen. Tipoa eta motorra, ondorioz, lurrera. Telebistaren pantailari begira geundenok erreakzio nahikoa logikoa izan genuen: «baboa»&flexSpace;izango zen eskaini genion hitzik gozoena. Minutu gutxira, sare sozialetan mendate berean izandako tankerako beste gertakari bat zabaldu zuten: errepidera atera, parean zuen txirrindulari gajoarengana (Maxim Belkov errusiarra) korrika joan eta hesitik beste aldera botatzeko adinako bultzada eman zion kamiseta gorridun tipo potolo batek. «Putatzar baten semea izan behar da...» zioen txio bat birtxiokatzekotan egon nintzen. Ez nuen egin; ez dakit zergatik, pantailan ikusitakoak kalifikatibo hori merezi baitzuen, baina ez nuen egin... Eta eskerrak. Ordu batzuetara jakin baitut elastiko gorriko «putatzar baten semeak» Downen sindromea duela eta nahasmenduak jota-edo egin zuela egindakoa. Baita motorra lurreratutako «baboak» ere ez zuela bere kabuz egin babokeria, ordena zaindu (je) behar zuen guardia zibil batek bultzatu zuelako baizik. Henry Rollins handiak esana da: «Bizitzan bi gauzarekin baino ezin zaitezke fio: zeure buruarekin eta Black Sabbathen lehenengo sei diskoekin». Martxa honetan, uste baino lehen, “War Pigs”, “Sabbath Bloody Sabbath” eta “Paranoid”-en riff eta akordeak besterik ez ditugu izango egitate fidagarri eta mugiezin. Alua da, gero, tokatu zaigun garaia!