08 SET. 2017 ANTZERKIA Partitura eraginkorra Jaime VALVERDE Zergatik Jamil?” antzezlanean tonu serio nahiz mami sozialari heldu ostean, Patxo Telleria eta Mikel Martinez gustukoen duten eremura bueltatu dira: komediara, noski. Ez Dok Hiru markarekin ohi duten bezala, gai orokor baten inguruan sortutako esketx laburren segida eskaini digute. Tituluak adierazten duenez, kasu honetan euskal musika izan da aitzakia. Neuri bezala, suposatzen dut obra honek ikusle askori gogorarazi egin diela “Lingua Nabajorum” hura, non Telleria-Martinez bikoteak euskararen historia eroa kontatzen zigun. Izan ere, bi antzezlan paralelo edo osagarritzat har litezke, nire ustez. Donostia saria irabazi zuen lan eder hartan euskararekin egin bezala, oraingo honetan Patxo Telleriaren idazketa bihurria euskal musikaren iraganean barneratzen da, tradizioak eskaintzen duen ondare aberatsean umore arineko momentuak sortzeko. Batzuetan elkarrizketa xelebreak eraikiko ditu kantu desberdinetatik hartutako estrofak kateatuz; besteetan, hamaika aldiz abestu ditugun letren esanahiarekin –edo esanahi ezarekin–, hausnarketa zelebreak proposatuko ditu. Horrez gain, hiru musikari bikainen laguntzarekin –aktore lana egiteko orduan beldurrik gabe aritzen direnak–, teatroa kontzertu bihurtzea lortzen da. Doinu hau edo lelo hura entzunda, nostalgia atsegina sentitzen du publikoak, eta barre egiteaz aparte, momentu askotan abesteko gogoari ezin eutsi aurkitzen dira ikusleak. Antzezlana bukatu orduko, txalo zaparrada ozena eragingo du ibilbide musikal-identitarioak jendearengan pilatutako emozioak; gauza gutxik hunkitzen baitu gehiago euskalduna euskal kanten bilduma batek baino. Azken urteetan egin dutenari perspektibarekin begiratuta, badirudi Ez Dok Hiru taldea euskal imajinarioaren logela guztiak arakatzen ari dela beren ikuspegi parodikoarekin. Partitura dramatikoa ondo finkatuta dute eta, dirudienez, publikoak oso gustuko du beren melodia.