11 SET. 2017 ZIRIKAZAN Haiekin batera Josebe EGIA Gaztetxoek kale-zurruta egiten dutela eta, gero eta gazteago, gero eta masiboago, ekimenak abiatzen ari dira han-hemenka haiek, beraiekin batera, alkohol-edan basatiaren arriskuez kontzientziatzeko, hala nola aisialdia horrela eta ez beste inola ere betetzearen albo-ondorioez, fisikoez zein psikikoez. Pentsa liteke alferrikako jarduna dela, egun denok gaudenez gero jabetuta alkoholismoak zer eragiten dituen pertsonon bizimoduetan, edonolako drogaren gaineko informazioa ezin hedatuago eta eskurago dugun aroan. Pentsa liteke denbora galtzea dela, horri buruz gaztetxoekin hausnartzen eta arrazoitzen ahalegintzea, gaztetxoek edozelan ere sudur-puntan jartzen zaiena egingo dutelakoan, denok gaztaroan egin izan dugun bezala. Gehienetan, zer ikusi, hura egin, eta ikusi txiki-txikitatik ikusi izan dugu alkohola aisialdiaren, lagunartearen, familiartearen erdigunean, poteoa, pattarrez blaituriko oturuntzak, piripi dabiltzanen grazia eta dibertsioa… Gauza normala, sozializazioaren berezko ezaugarria, ekintza orokortua, eta geuk ere horixe nahi, besteak beste aparte ez geratzearren, rara avis ez bihurtzearren. Ondoren, eginaren eginaz, ohituraren ohituraz, denboraren poderioz… hortxe dugu edana, nahi beste irensteko moduan, gure egunetako askoren erdian. Edanaz batera, baita giro horretan betidanik ikusitako jokabideak ere, neskek neskenak eta mutilek mutilenak, helduen gaineko halako ikuskera jakin bat, horiek guztiak ere azkenean pertsona heldu izateko modu bilakatuak. Guztiok ezagun ditugun moduak, aktibo eta pasiboak, eta egun dagoeneko jendartean kolokan jartzen ari garenak, zorionez. Ez jai-giroan bakarrik, ez alkohola eta drogak tarteko direnean soilik, horiek berezko ikusmoldeak eta ondoriozko ekintzak are gehiago askatu baino ez dituztelako egiten, baizik eta pertsonon sozializazioan oro har, pertsonon arteko elkarreraginean, harremanetan (direla amodiozkoak, direla lagunartekoak, profesionalak, bizikidetzakoak…). Baina, noski, nonbaitetik hasi behar da, eta nerabeei begira beren aisialditik egitea abiapuntu ona da. Ikasitakoa desikasteko eta gure arteko harremanak bestela ulertzeko eta garatzeko lanean, zeinetan helduok dugun motorra izateko eta gauza txukuna egiteko erantzukizuna, gaztetxoak ez baditugu erakarriko eta xaxatuko eta arduratuko, ez bagara haiengana kondeszendentziari eta nagusikeriari utzita gerturatuko, huts egingo dugu, eta, batez ere, huts egingo diegu.