Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Balio erantsiko tirita

Ikasturte berriarekin bat, pozik azaldu dira Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzan diharduten hiru sareak. Baionako lizeo berria estreinatu duen Seaskak historikotzat jo du aurtengo sartzea. Euskararen Erakunde Publikoak, berriz, nagusiki sistema elebiduna duten beste bi sareek (publikoa eta giristinoa) inoiz baino eskaintza zabalagoa bermatuko dutela adierazi du.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak duen gainbehera endemikoa (azken inkesta soziolinguistikoak berriro baieztatu bezala) ez da soilik irakaskuntzaren eremuan egingo den ahaleginarekin konponduko, jakina, euskarara datozen belaunaldi berriek ez baitute desagertzen diren aurreko euskaldunen hutsunea betetzen eta beste esparruetan (administrazioa, komunikabideak, ikusgarritasuna…) bitarteko aski ez baita jartzen. Baina, tira, gutxienez 16-24 adin tartekoetan izandako gorakadak odol huste hori zertxobait geratzeko balioko ote du!

Alta, eskaeraren eta eskaintzaren arteko desoreka bistakoa da. Zorionez, gero eta guraso gehiagok hautatzen dute euskara eta euskaraz ikasteko parada ematen duten ikastetxeak. Zoritxarrez, eskaera horri erantzuteko bitarteko nagusien –irakasleak– eskasia nabarmena da. Irtenbide bila, hezkuntza arduradunak irakasle euskaldunak trebatzeko formulak entseatzen ari dira eta ez dute baztertzen Hego Euskal Herriko harrobira jotzea. Egiazko borondatea badute, muga juridiko-politikoak gainditzeko zirrikituak aurkituko dituzte baina, gaur-gaurkoz, frantsesa ez jakitearen muga linguistikorako zaila izango da, Errepublikaren hizkuntza ofizialaren ezagutza ezinbestekoa izango baita.

Ingelesari lehentasuna emanda, hegoaldean aspaldi utzi zitzaion frantsesa irakasteari, gure herrian mintzatzen diren hiru hizkuntza nagusietako bat den arren. Frantsesa ikasiz, agian lanpostu baten aukera zabaldu daiteke hainbatentzat Ipar Euskal Herriko euskal adarren irakaskuntzan. Inoiz baino prestatuago dugun gazteriaren exodoa geldiarazteko soilik beste «tirita» bat baino ez litzateke izango, noski. Baina gure hizkuntza transmititzeko balio erantsia izango luke.