12 SET. 2017 Aizkora Llanosek eta Rodriguezek lan ona eginez irabazi dute Arabako Binakako Txapelketa irabazteko faboritoak ez izan arren, txapela eurentzat izan zen. Jon LEUNDA Ramiro Llanosek eta Juniallo Rodriguezek irabazi zuten atzo Olarizun, Gasteizen, jokatu zen Arabako Binakako Txapelketa. Hasieran ez zeuden faboritoen zerrendan, baina oso lan ona egin zuten, eta amaieran txapela eurentzat izan zen. Bikote bakoitzak hiru 60 ontzako, oinbiko bat eta beste kana-erdiko bat ebaki behar izan zituen. Finala oso polita izan zen, aurreneko hiru bikoteen artean ez baitzen alde handirik egon. Llanos eta Rodriguez II.a apurka-apurka aldeak ateratzen joan ziren, baina inoiz ez handirik, eta bukaerara arte jo eta su jardun behar izan zuten amaieran txapela janzteko. Atzetik, Eloi Kortxero eta Juan Rodriguez, Junialloren aita, sailkatu ziren, baina horiek ere lan ona egin zuten. Aurrenekoak harrapatzen eta horiei eusten saiatu ziren, baina behin horiek ihes egin, eta txapelik ez zutela lortuko ikusi zutenean, bigarren postuari eustera joan ziren, eta horrek ez zien ihes egin. Zubiagak eta Polankok ere lan ona egin zuten. Hasieran aurreneko hirurak parean joan ziren, baina hauei aurrekoek ihes egin zieten, eta atzetik ez zituzten gehiegi estutu hirugarren postu ona eskuratuz. Itxaropen handiagoa zegoen Jauregi eta Lacabutirekin, baina laugarren postuan amaitu zuten. Aita izan berri da Jauregi, eta hori nabaritu zuen. Lacabuti, berriz, errumaniarra da, eta ez du aizkoran gaizki egiten. Itxura polita eman zuen atzokoan ere. Sailkapena Kintanak eta Armentiak itxi zuten. Hasieratik atzean geratu ziren, eta ez zuten inoiz aurreko inor harrapatzeko aukerarik izan. 13 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten Llanosek eta Rodriguez II.ak euren lanak burutzeko. Atzetik, Kortxero eta Rodriguez I.a (14.10), Zubiaga eta Polanko (14.38), Jauregi eta Lacabuti (16.48) eta Kintana eta Armentia (18.27) sailkatu ziren. IKUSLE ASKOOlarizun jokatu zen, urtero bezala, Binakako Txapelketa, eta beti bezala, jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, jendetza batu baitzen saioa ikustera.