Iker Bizkarguenaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Luze egiten ari zaigu

Mamboaren aroa heldu bide da Kataluniara; halaxe diote CUPeko ordezkariek, berriro sarean sekulako arrakasta izan duen bideoan. Bukatu dira prozesuak eta prozesismoak, iragan astetik abegitsutik gutxi izango duen lurraldera igaro da politikagintza katalana. Bejondeiela!

Orain arteko bideak izan du gauza on asko, eta txarretik ere zenbait, baina oro har eredugarri aritu dira. Kalean eta instituzioetan. Eta datozen asteetan zer gertatuko den inork ez jakitea Kataluniako Errepublika sortu nahi dutenen garaipen gisa har daiteke; zer gertatuko den jakingo bagenu, seinale txarra litzateke, dena lotuta izatekotan besteek izango bailukete.

Independentistek irabazteko kartak dituzte, baina Estatuak baditu bereak eta partida jokatzeke dago. Hanka-sartzea litzateke agintari espainolen indarra eta seta antidemokratikoa gutxiestea. Espainiaren batasuna, hots, Espainia bera, dago jokoan. Ez erregimen bat –1978koa– edo sistema bat edo alderdi bat, duela bost mende eratu zen egitura osoa baizik. Txantxa gutxi, beraz, duten guztia emango baitute hori defendatzeko. Atzo, alkateak jomugan; bihar, auskalo.

Euskaldunok badugu eskarmentua. Hamarka mila atxilotu, milaka espetxeratu eta torturatu, ehunka hildako dira lekuko. Eta ordezkari eta hautetsi katalanen patu judizialak arduratzen gaituen honetan, ezin dugu ahaztu euskal herritar askok zein garesti ordaindu duten beren konpromiso politikoa. Arrazoi horregatik beragatik mundu guztia Bartzelonako Parlamentura begira zegoen egunean, gutako askok begi bat Parisen jarrita geneukan, epaiketa berri-zahar batean, hain zuzen.

Ez dago zain egoterik; herri honen prozesu askatzaileari martxa bat edo bi gehiago sartu behar zaizkio, hobe gaur bihar baino. Hesola usteltzen hasia bada eta laster eroriko bada, ezin zaio biziberritzen utzi. Baina hutsuneek hor jarraitzen dute, eta, akaso, min handiagoa ematen dute orain lehen baino.

Epaiketa pasa zen eta zigorrak beti dira zigor. Baina argi printza baten aztarna ere ikusi nahi izan dugu. Gutxi falta omen da, baina ez zaitez berandutu, Igor, oso luze egiten ari zaigu. T’estimem, Txopo; maite zaitugu.