18 SET. 2017 ZIRIKAZAN Gure kale errealetan Última actualización: 18 SET. 2017 - 00:19h Josebe EGIA Detroit” ikusi berri dut zineman. Batek jakin badaki arrazismoaren gaineko edozer jasotzera doanean ez dela izango alaia, preseski. Pertsona batek beste bat nola gutxiesten duen ikusteak ez dauka ezer barregarritik, inondik ezingo zaio topatu ikuskizun horri komikotasunik. Baina gutxiespen eta nagusikeria hori sistemak berak osorik egikaritzen duenean, hark elikatzen eta sustatzen, segurtasun-indarren basakeria justifikatzen, botere judizialaren funtsa eta eginbeharra perbertitzen, gizatasuna eta begirunea bortxatzen, eta horretan guztian hainbeste konplize sortzen, ezinbestekoak sistemaren sostengurako… batek uste du dagoeneko prestatuta dagoela bidegabekeria, pertsonon alderdirik ankerrena eta koldarrena, goragalerik sentitu gabe ikusteko fikziozko irudi batzuetan; ez da hala, ordea, eta botaka egiteko gogoa da, hain zuzen, pantaila aurrean sortzen diren sentimenduetan arinena. Normal sartu zinema-aretora, eta ondoezik atera kale errealera. Halako gorputz txarrarekin, ez filmean gordintasunez kontatzen eta ikusten direnengatik, ez pertsona beltz jakin haiek jasan zutenagatik, eta pertsona zuri jakin haiek zigorgabetasun osoz egin zietenagatik –horregatik ere bai–, baizik eta mundu osoan jendarteak hobetzeko jardunak, aldaketa sozialerako prozesuek, eragiten dituzten sarraskiengatik, heriotzengatik, pertsonon kontrako mota guztietako indarkeriagatik. Horrela izan delako beti, eta orain ere horrela delako, egunero zapaltzen ditugun gure kale erreal hauetan, eta munduko beste guztietan. Agian, ez zaizu irudituko, gatazka armatuak, krisi humanitarioak, pobrezia edota pertsonak zanpatzeko “-ismoak”, besteak beste, urrun dituzulako. Beharbada, konbentzimendu osoz usteko duzu egungo askatasuna lehen baino handiagoa eta ukiezinagoa dela, hori ezin dela eztabaidatu, zuk eta ingurukoek hemen inolako bazterkeria edota errepresio motarik pairatzen ez duzuelako, hemengo norbanakook gure bizitzako erabakiak geuk hartzen ditugulako. Igual, esajerazio hutsa deritzozu, hemen zuzenbideak eta eskubideek babestuta bizi garelakoan, pertsona guztiok. Hala bada, ziurrenik zuria zara, eta bertokoa, eta gizonezkoa, eta ez benetan pobrea. Eta, ziurrenik, hainbeste aldaketa bultzatzen ari diren garai honetan, zu ez zara ezertan ere parte hartzen ari, ekidistantzia guztietan goxo. Bestela, sumatuko zenuke, gutxienez, goragalea, honenbeste gezurrezko demokraziak eta justiziak eragiten dutena.