19 SET. 2017 IKUSMIRA Erreleboa emanda eta arnasa berotuta Amagoia Mujika Kazetaria Ez dakit zer gosaltzen duten goizetan, ezta gauetan atsedenik lortzen ote duten ere. Baina miresgarria da Katalunian darabilten tenplea. Patxadaz, irribarrez eta segurtasunez erantzuten diote Estatu espainolaren ukabilkada bakoitzari. Itxuraz nekatu gabe ari dira eusten, kolpea belaunetan, sabelaren erdian edo bizkarrean jasota ere. Aurrera segitzen dute, oinetan harritzarrak lotzen badizkiete ere. Errepresioaren aurpegi guztiak parean paratu arren, Kataluniak aurrera jarraitzen du. Guk, bitartean, enpatiaz begiratzen diogu, herri honek ederki dakielako zer den errepresioaren latza azalean sufritzea. Asaldatuta ikusten ditugu kolpe judizialak, guardia zibilen joan-etorriak, mehatxuak, diru kontuak... Euskal Herriak bere azalean errepresio horren guztiaren –eta gordinagoaren– mina aspalditik sufritzen duen arren, nonbait gogorra egiten da bestearen azalean norberaren zauri igualtsua ikustea. Errelebo-lasterketa bat dirudi. Euskal Herriak puska handia egin du testigua eskuan hartuta, tira eta tira. Orduan katalak turismoa egitera etortzen ziren inguruotara eta egoeraz interesa agertzen zuten. Sekulako adorea genuela, segitzeko aurrera... Orain, baina, testigua katalanek daramate eskuan, ondo gora altxatuta. Eta euskal herritarrak dira Bartzelona aldera turismoa egitera doazenak; berdin uda beroan, berdin orain, une politiko gorenaren arnasa gertutik sumatu nahian. Kataluniak eskuan daraman testiguari begira dago Euskal Herria, arnasa berotuta. Makurtu eta zapatilak ondo lotzen ari ote da.