Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Alcantaratarren ordua

Oso maite dudan Kanalako tremendo bati entzun nion lehen aldiz “Alcantaratarren Teoria”. Gure amak hain gustukoa duen espainiar telebistako “Cuéntame” telesailean oinarritutako kontzeptua.Labubilduz, horrela azaldu zidan: Frankismoan gizartearen gutxiengo bat frankista konbentzitua zen, beste gutxiengo bat frankismoaren aurkako konbentzitua, eta tartean alcantaratarrak zeuden, beste bloke bientzat gehiengoa osatzeko ezinbesteko multzoa, hiru gutxiengoetatik handiena.

Jaurlaritzak argitaratu berri duen “Gazteen Argazkiak” ikerlan soziologikoak bat egiten du, neurri handian, “Alcantaratarren teoria”-rekin: %30eko bi bloke daude (batak euskal nazioarekiko atxikimendua eta itxaropena agertzen du, besteak uste du EBren baitan difuminatuko dela euskal nortasuna) eta alcantaratarrak, %40a, gehiengoa osatzeko ezinbestekoa den gutxiengoa. Debate politikoan ez dauden gaietan adostasun maila askoz handiagoa da, esaterako, gure historian lehen aldiz, gazte gehienek ez dute ezkondu eta umeak edukitzea zoriontasun eta errealizazio pertsonalarekin lotzen. Eta uko egiten diote «teknikari jakintsuek» hartutako erabakietan oinarritutako gizarte ereduari.

Alcantaratarrak ez dira ekintzaileak, baina beste bi blokeen ekintzen aurrean erreakzionatzen dute. Euren jokaera kulunkan dagoen txalupa baten erdiko kupel etzanaren inertziaren antzekoa da. Muturretakoek egiten duten indarraren aurkako norabidean erreakzionatu ohi dute epe ertainean. Muturren arteko indar desorekak txalupa hondoratzen ez badu, noski. Oreka egoera jarraietan, indar gehien eragiten duen aldearen kontrara irauli ohi dute txalupa.

Espainiar Gobernuak urteak daramatza kataluniar alcantaratarren erreakzioa eragiten, erabakitze eskubidearen aldekoen onerako. Eta egoera puntu batera heldu da, non txalupa hondoratzeko besteko indarra eragitea dela Madrili geratzen zaion alternatiba bakarra. Hori lortzeko gai izango oten den, alcantaratarren erreakzioaren eskuetan dago.