20 SET. 2017 IKUSMIRA Emozioen dantza betean Xole Aramendi Kazetaria Bai, egia da urte osoan zinemara hurbildu ere egiten ez direnak sukarrak jota ibiltzen direla... hilabete barru karteldegian izango den harribitxiaren sarrera lortu ezinik dabiltzala asko munduaren akabera baletor bezala... Bai, gure herriak zinema aretorik gabe geratzen ari direla... Bai. Arrazoi. Baina bi egun geratzen zaizkigu zinema aretoaren ilunean galtzeko, ikuslez leporaino dagoen gela handian pantaila handiko aktorearen begirada sarkorrak guri (eta guri bakarrik) begiratzen digula sinesteko... Bi egun, urte osoan ikusi gabeko lagun zaharrak besarkatzeko... Bi egun, loari nahi baino ordu gehiago lapurtzeko, begietako makarrak pantaila handiaren aurrean kentzeko... Lanean ohiko errutina apurtzeko... Eta honen guztiaren erdian, pelikulak izango ditugu zain. Clint Eastwood aktore eta zuzendariak garbi du: «Hunkitu egin behar du, zinema ez baita arte intelektuala. Noski, nork bere estiloa dauka eta hori errespetagarria da», adierazi zuen. Aurtengo Canneseko zinema jaialdian esan zituen hitzok. 87 urteak beteak ditu, bizitza osoa eskaini dio zazpigarren arteari –bere gorabeherekin– eta ez du zalantza izpirik. Ez naiz hemen zinemak zer izan behar duen eztabaidatzen hasiko, baina nik badakit zer bilatzen dudan. Eta ez zineman bakarrik: arte plastikoan, literaturan, musikan, antzerkian... begietatik edo belarrietatik sartzen zaidanak barrenak astintzea. Zirt edo zart. Zerbait. Eta nago azkenaldian gehiegitan aurkitu dudala neure burua sortzaileak proposatutako kontzeptualizazioetan galduta. Desiratzen nago emozioen dantza betean hasteko.