25 SET. 2017 sokatira Gertu izan arren euskal tiralariek ez dute beste dominarik lortu J.L. Lan oso ona egin zuten Euskal Herriko tiralariek Europako Txapelketako azken jardunaldian, baina dominarik lortu gabe amaitu zuten atzokoan. Hala, azkenean herenegun irabazi zuten zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten. Atzo, hala ere, oso lan ona egin zuten. Goizean mistoak 600 kiloko mailan lehiatu ziren, eta bosgarren postuan bukatu zuten jarduna. Laugarren izan zirenekin berdinduta geratu ziren, baina, falta gehiago egin zituztenez, bosgarren amaitu zuten. Neskak, aldiz, laugarren amaitu zuten 560 kiloko mailan. Dominarik lortu ez arren, oso gertu ibili ziren. Azkenik, mutilak 640 kiloko mailan aritu ziren eta hauek nesken emaitza errepikatu zuten, laugarren geratu baitziren. Brontzezko dominaren borrokan Suediaren aurka neurtu ziren, eta bakoitzak tiraldi bana irabazi zuen. Ondorioz kitarakoa jokatu zuten, baina galdu egin zuten. Euskal tiralariek ez dute lortu aurreko urteetako domina kopururik, baina itxura oso ona eman dute.