25 SET. 2017 Varda: «Sari hau jasotzen duen ertzeetako lehen zinegilea naiz» Zinegilea filmatzen duen horren zerbitzura dagoela sinetsita, batik bat dokumentalgintza sozialari heldu eta, 50eko hamarkadatik hona, bi dozenatik gora ikus-entzunezko lan osatu ditu Agnes Varda artista eta zinegile belgikarrak. Atzo, Donostia Saria jaso zuen. «Uste dut sekula ez diotela sari hau ni bezalako egile marjinal bati eskaini», egin zuen eskertza. Última actualización: 25 SET. 2017 - 07:00h Amalur ARTOLA DONOSTIA Oinez, bere 89 urteek ematen dioten ziurtasunarekin zeharkatu zuen Agnes Varda zinegileak Maria Cristina hoteletik Victoria Eugenia antzokiraino doan alfonbra gorria. Irribarretsu eta abegikor azaldu zen argazki-kameren aurrean eta antzokiko atean zain zuen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari bi musu emanda igo zituen Victoria Eugeniako eskailerak, jaialdiaren 65. edizioko lehen Donostia Saria jasotzera. Baita glamourrari –begiratzekotan– begi ertzetik behatzen dion lehen Donostia Saria ere. Antolakuntzak iragarria zuen, edizio honetatik aurrera, Donostiara glamourra ekartzeaz batera zinema bestelako esparruetatik landu duten profesionalak ere gerturatzeko erabakia hartua zuela eta, Vardarekin, dokumentalgintzari eta bereziki ertzeetako zinemari begira jarri da. Nouvelle vague mugimenduko kidea da Varda, abangoardian egoten jakin duena, gizarte dokumentalgintzari emana eta zinema feministaren ereduetako bat. Hala erakusten dute bere lanek (“Cléo de 5 à 7”, “Sans toit ni loi”, “Jacquot de Nantes”, “L’Univers de Jacques Demy”, “Daguerreotypes”, “Les Glaneurs et la Glaneuse”, “L’une chante, l’autre pas”, “Les Dites cariatides”...) eta 60 urteko ibilbidean eredu izan duen umiltasunaz agertu zen Donostia Saria jasotzera. Oholtzara aterata publikoaren aurrean makurtzea izan zuen lehen lana Vardak, eta, hura ikusita, publikoa zutitu egin zen eta txalo zaparradatan bildu zuen zinegile eta artista belgikarra. Rebordinosen eskuetatik saria jasota, itzulpenak saiheste aldera, gazteleraz ekin zion Vardak: «Ez dut esango sorpresa izan denik, saria jasoko nuela banekien-eta. Iaz Donostiako Hiriburutza izan zenuten eta gogoan dut agurra bidali nizuela. Eta aurten hemen nago». Isilune baten ostean, emozioak begirada lanbrotuta jarraitu zuen: «Sari hau ez didate arrakasta komertziala izan dudalako eman, ertzeetako zinema egin izanagatik eman didate. Beraz, mercy». Publikoaren txaloen ostean, ingelesera pasata Zinemaldian aurkezten duen filma, JR artista grafikoarekin batera osatu duen “Visages, villages”, «lau esku eta begirekin» egindakoa dela azaldu zuen, eta, emozioaz ama hizkuntza duen frantsesera pasata, amaitu zuen eskertza: «Espero dut filma gustuko izatea». Zinemagintza askea Saria jaso aurretik prentsaren aurrean egindako agerraldian, lehen lana bere mikrofonoaren alboan paratua zegoen publizitatea mahai azpian jartzea izan zen. «Zinegileok ezin dugu egon publizitateak bahituta. Publizitatea egingo banu ziurrenik diru gehiago izango nuke, baina nik librea den zinema egin nahi dut, eta horrek ez du diru askorik ematen», azaldu zuen. Prentsaurrekoan ere saria bestelako zinema moldeetan aritutako zinegile bati eskaini izanari eman zion balioa Vardak («uste dut sekula ez diotela sari hau ni bezalako marjinal bati eskaini»), eta, kazetarien galderen aurrean, zineman emakumeek egindako ibilbideaz aritu zen. Belgikarrak gogora ekarri zuen bera zineman barneratzen hasi zenean, 50eko hamarkadan, «hiruzpalau emakume besterik ez» zirela mundu horretan aritzen zirenak eta, gizon zein emakume, bidea ibiliz egiten dela azpimarratu zuen: «Nik beti zinema erradikala egin nahi izan dut, ez horrenbeste emakume bezala, baizik eta zinegile erradikal bezala. Bidean topatu ditudan emakumeei gauza bera esan izan diet: errealizatzaile, soinu-teknikari… izan, edonork egin dezake zinema, atera zaitezke sukaldetik, unibertsitatetik eta ausart zaitezke». Gaur-gaurkoz industriak zinegile kategorian «onartu» dituen hainbat emakumezko zuzendari daudela nabarmendu zuen «eta batzuek dirua egitea ere lortu dute», aipatu zuen, berak egindako hautu pertsonalek beste ibilbide eta egoera batzuetara eraman dutela azaltzeaz batera. «Nik ez dut sekula filmik egin dirua lortzeko eta ez dut sekula dirurik egin zinemarekin. Baina beti saiatu izan naiz kalitatezko filmak egiten». Prentsaurrekoan, baina, bere ibilbideaz baino Donostian aurkezten duen “Visages, villages” dokumentalaz mintzatu zen artista belgikarra. Road movie berezi horretan, Varda eta JR furgoneta batean sartu eta Estatu frantsesean barrena abiatzen dira, landa-eremuetako jendartearen testigantzen bila. Lehendabiziko helburua: pertsona horiei argazkiak atera eta gero formatu handian kaleetan erakustea, jendearen erreakzioak biltzeko. Benetako helburua: erretratatutakoen argazki pertsonal eta gertukoa egitea. «Pelikulan agertzen direnak ez dira pertsonaiak, pertsonak dira. Elkarrizketaz elkarrizketa, eurekiko sinpatia eta enpatiazko harremana sortu dugu eta pelikulak irribarreak aterarazten ditu, aretoetatik irtetean ‘zein interesgarria den bizitza’ pentsa zezaten nahi genuelako. Ez genuen jende boteretsurik nahi, ez propietaterik edo dirua soberan duen jenderik; biztanleriaren gehiengoa osatzen duten milioika pertsona normal horiek dira gustuko ditugunak», zehaztu zuen Vardak. JRrekin «laguntasun sortzaile bat» garatu duela ere nabarmendu zuen, «ikusleek guk ezagutu ditugun pertsonak ezagutzeko aukera izan dezaten. Hauei, sekula ez diegu euren ideia politikoengatik galdegin, pertsonatik pertsonara hitz egiten ahalegindu gara eta batzuk bereziki interesgarriak egin zaizkizu», esan zuen. Horien artean, 37 urteren ostean fabrikan azken eguna zuen langile bat. «Trajez jantzita etorri zen, azken eguna zuela esanez. Sentitzen zuena izua zen. ‘Amildegiaren ertzean nago eta erori egingo naiz’, esaten zuen. Hunkitu egin nintzen. Bat-batean, sentipen hori duen pertsona baten aurrean zaude, eta guk ikusleak deserrotze hori senti zezan nahi genuen. Jendeari entzun egin diogu, sotila, delikatua dena jaso eta pelikulara ekarri. Gu, filmatzen dugun horren zerbitzura gaudelako, horregatik gara dokumentalistak, bitartekariak. Badakigu izan ditugun topaketa horiek hauskorrak direla, horregatik jaso behar genituen, hormetan dauden argazki zaharren moduan gal ez daitezen». Filma crowdfunding kanpaina bati esker osatu ahal izan zutela ere nabarmendu eta eskertua agertu zen “Visages, villages” errealitate bilakatzeko bidean laguntza eskaini dutenekiko: «50.000 euro behar genituen eta 54.000 lortu genituen. 20 euro, 50... orotara 460 parte hartzailek jarri dute dirua eta filmeko kredituetan horiek ageri dira lehenik. Merezi dutela uste dut», amaitu zuen. KALITATEA «Nik ez dut sekula filmik egin dirua lortzeko eta ez dut sekula dirurik egin zinemarekin. Baina beti saiatu izan naiz kalitatezko filmak egiten»