GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Vicentek txapela lortzeko lehen urratsa eman du

Otsagabikoarekin batera, Rekondo, Saralegi, Mindegia eta Etxeberria ere Nafarroako finalean izango dira.


Iker Vicentek irabazi zuen atzo Nafarroako Lehen Mailako kanporaketa eta Otsagabiko gazteak argi eta garbi utzi zuen bera dela herrialdeko txapela irabazteko faborito nagusia. Atzo, izan ere, bi minutuko aldea kendu zion bigarren postuan amaitu zuen Jon Rekondori.

Aipaturiko bi aizkolariez gain, Mieltxo Mindegia, Ruben Saralegi eta Joxean Etxeberria ere sailkatu ziren azaroan Donezteben jokatuko den finalerako. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen.

Iker Vicentek kanporaketa airean irabazi zuen, eta zen lanerako, gainera, alde handiarekin lortu zuen irabaztea. Egia da finalean lan bikoitza izango dutela, baina gainerakoek ez dute samurra izango Otsagabiko gaztea mendean hartzea. Normalean kanporaketako azkeneko biek maila galtzen dute, baina atzokoan ez zen inor jaitsi, Erasunek eta Senosiain II.ak uko egin baitiote lehiatzeari, eta, ondorioz, bi horiek izango dira datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dutenak.

Iker Vicentek lan guztiak burutzeko 13 minutu eta 50 segundo behar izan zituen. Atzetik, Jon Rekondo (15.29), Mieltxo Mindegia (15.40), Ruben Saralegi (16.01), Joxean Etxeberria (16.30), Donato Larretxea (17.07), Julen Kañamares (17.38), eta Juanjo Lopez (18.13) sailkatu ziren.

Kopa

Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa ere jokatu zen herenegun Bilbon, eta Eneko Otañok aparteko arazorik gabe lortu zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Aizkolari bakoitzak zortzina kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta Beizamako aizkolariak minutu eta erdiko aldea kendu zion Luix Txapartegiri.

Otaño hasieratik bukaerara izan zen nagusi. Lehen enborrean sei segundoko aldea zuen Beizamakoak, eta hortik aurrera zuloa handitzen joan zen Eneko Otaño. Lan erdietan 26 segundoko aldea zuen, eta tarte hori bigarren zatian dezente handitu zuen. Azkeneko lau kana-erdiko horietan Otañok gora egin zuen, eta Txapartegik behera, eta amaieran minutu eta erdiko alde hori izan zen. Lan guztiak burutzeko  16 minutu eta 12 segundo behar izan zituen Eneko Otañok. Luix Txapartegik, berriz, 17 minutu eta 53 segundo behar izan zituen bereak bukatu ahal izateko.