Oihane LARRETXEA
Kazetaria
IKUSMIRA

Zerga baztertzailea, zerga mututua

Emakumeok, bestelako arazorik edo egoerarik gertatzen ez bada, nerabezaroko atea jotzen dugun garaian izaten dugu hilerokoarekin lehenengo hartu-emana, eta ondorengo 35 urteetan (batzuk gehiago, besteek gutxiago) izaten dugu bidelagun. Ze erremedio!

Eta, hala ere, egoerak ezustean hartuko banindu bezala erreakzionatzen dut hilero-hilero supermerkatuan edo auzoko dendan konpresak eta tanpoiak erosteko garaian. Bata bestearekin alderatu, gustuko markak eskaintza berezirik ote duen begiratu… eta egoera madarikatu. Hurrengo hilean berriro bueltatuko zara apalategi horretara.

Oinarri-oinarrizko produktuek %4ko BEZa dute Estatu espainiarrean: ogiak, esneak, barazkiek eta arrautzek, kasu. Harritzekoa bada ere, ez dira talde honetan sailkatzen munduan milioika emakumek erabiltzen ditugun produktuok: %10a ezartzen zaie.

Naturala izan arren, kosta egiten da hilerokoaz hitz egitea, apenas egiten da, are gutxiago hedabideetan. Alderdi politikoek ere gai honetan ez dituzte etxekolanak egin. Ez dago agendan eta ez dago eztabaidarik. Ez dut BEZ diskriminatzailea beren hauteskunde programetan nahi, haizeak eramango lukeelako, erabakiak hartzen diren ganberetan baizik. Zergatik ez jaitsi minimora? Edo zergatik ez ezabatu erabat? Irlandan eta Kanadan hala da; beraz, posible bada.

Borondate falta, lehentasun kontua edo sentsibilizaziorik eza. Erabakitze ahalmena dagoen foroetan gizon gorbatadunak gehiengo izateak zerikusirik ba ote du? Imajinatzen al duzue gizonak baztertuko lituzkeen BEZa gaur egun? Nik badut erantzuna.