GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Ruben Saralegik aurrera egin du Urrezko Kopan


Ruben Saralegik irabazi zuen Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa, Julen Kañamares mendean hartu ostean, atzo Bilbon jokatu zen norgehiagokan. Aizkolari bakoitzak sei kana-erdiko eta lau 45 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Leitzarrak garaipena eraman zuen, baina ez zen beti aurretik ibili Ruben Saralegi. Lan erdietara arte aurretik izan zen Kañamares. 51 segundoan bota zuen aurreneko 45 ontzakoa. Aroztegiko aizkolariak aurretik jarraitu zuen hurrengo enborretan ere. Lan erdietan bera zen aurretik, Ruben Saralegiri 11 segundoko tartea kenduz.

Bigarren zatian, ordea, Saralegi hobea izan zen. Aurka zuen alde hori berdindu zuen seigarren enborrean, eta zazpigarrenean 21 segundoko tartea zabaldu zuen Saralegik, eta alde hori handitu egin zuen hortik eta amaierara. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 43 segundo behar izan zituen Saralegik, eta 22 minutu eta 47 segundo, berriz, Kañamares III.ak. Ondorioz Ruben Saralegi hurrengo kanporaketan izango da, eta Julen Kañamares Urrezko Aizkorako Kopako lehiaketatik kanpo geratuko da.

Nafarroakoa

Oier Kañamaresek irabazi zuen herenegun jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako finala, eta berarekin batera, Eneko Saralegik lortu zuen Nafarroako Lehen Mailara igotzea. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen finalean. Jendearen erantzuna ere ezin hobea izan zen.

Lehen hiru postuetarako borroka handia izan zen, hirurak  25 segundoren barruan sartu baitziren. Faboritoa Resano zen, baina hirugarren postuan sailkatu zen, eta Bigarren Mailan jarraitu beharko du. Lan guztiak burutzeko, Oier Kañamaresek, 17 minutu eta 36 segundo behar izan zituen. Atzetik, Eneko Saralegi (17.50), Iban Resano (18.05), Goizeder Beltza (19.02) eta Jon Telletxea (19.13) sailkatu ziren.