Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Transformazio emozionala

Humor i calma! esanda amaitu zen San Marti de Provençalseko Salvador Segui eskola zabalik mantentzeko asanblea. Irailaren 30eko gaueko 11.00k inguru. Jendea konbentziturik zegoen era baketsuan jokatuz gero estatuak ez zuela indarkeriarik erabiliko. Polizia espainolak eta Guardia Zibilak ez omen zeukaten eskumenik eskoletara sartzeko, eta sartuz gero mossoei deitu behar zitzaien, haiek kanporatuko ei zituzten. «XXI. mendean gaude, Europak ez die utziko», entzuten zen mantra modura.

Can Baroko eskolan entzun nituen lehenengo hasperen luzeak, «pizzak» agertu eta gutxira (hautetsontzien ezizenetako bat). Lehenengo kargen irudiak heltzen hasiak ziren, eta ordura arteko humor i calma kontsigna amorru bihurtu zen. Lidergo herritarra piztu zen orduan, eta jendea (edozein pertsona, han arduradunen lana informazioa koordinatzea baitzen, ez erabakiak hartzea) eskaileretara igotzen hasi zen, guztiok hunkitu gintuzten hitzaldi inprobisatuak egitera.

Ensancheko La Concepcio eskolan aurkitu nuen bezperan La Paun ezagututako Ingeniaritza Eskolako irakaslea. «Sekula ez nuen pentsatuko hau egitera helduko zirenik. Gaur hasi naiz zuek ulertzen, zer ez ote zuten egingo euskaldunekin kameradun mugikorrik ez zegoen sasoietan?».

Katalunian transformazio emozional azeleratua esperimentatu dute ordu gutxiren buruan. Mozorrorik gabe ikusi dute espainiar Estatua, espainiar prentsa... Eta gizartearen gehiengoak errealitatea onartzeko ausardia izan du. Gure herrian, zoritxarrez, askok ez dauka gaitasun hori eta aldebikotasunaren fantasia zein autoestigmatizazioa erabiltzen dituzte. Batzuek euren proiektu erregionalista eta besteek hamarkadetako erosotasun ekonomizista justifikatzeko.

Kataluniako herriak bozkatu du, eta herritarrak dira erabakitakoa betearaziko dutenak. Adibiderako, okupazio indarrak dauden hoteletan gertatzen ari dena. Galdera da, zenbat aldiz jipoi daiteke herri bat lasaitasuna eta umorea galdu aurretik?