Josu Jimenez Maia
Idazlea
KOLABORAZIOA

XXI. mendean, Che bizirik

Euskal Herriko erakunde internazionalistak, Askapenak, 30 urte betetzen dituela ospatuko du Berriozarren larunbat honetan, eta egitarauko ekitaldirik behinena Ernesto Che Guevarari egin beharreko omenaldia da. Izan ere, Che Guevara Boliviako oihanean erail zutenetik 50 urte beteko dira urriaren 9an.

Inperialismoak 50 urte daramatza Che Guevararen obra laidoztatzen eta, egunotan ere, bereak eta bi irakurri eta entzunen ditugu Cheren irudia eta ekarpen iraultzailea higatzeko asmoz. Zorionez, Che Guevararen ekarpen teoriko-praktiko handiak zarata mediatiko burgesa estaltzeko gaitasuna du.

Alta, Guevararen egindako eta idatzitakoak ez dira aski ezagunak, eta ez dago, oraino ere, euskaraz anitz irakurtzeko aukerarik. Nik Che Guevararen beraren bi aipamen zehatz azpimarratu nahi dut, biak ala biak, beren laburrean gaurkotasun handikoak.

Che Guevarak hauxe dio militanteaz: militanteak argitasun politikoa izan behar du. Argitasun politikoak ez du esan nahi iraultzaren proposamen ororekin baldintzarik gabeko adostasuna izan behar duenik, baizik sostengu arrazoitua eduki behar duela, neke handiak jasateko gauza izan behar dela, eta, batez ere, analisirako gaitasun dialektiko handia eduki behar duela, ekarpenak etengabe egiteko, maila orotan, bai teorikoki, baita praktika iraultzailean ere.

Eta beste hauxe, koadro politikoaz: koadro politikoa, beraz, sortzailea da, goi mailako buruzagia, maila politiko oneko teknikaria, eta kapaza izan behar da produkzio sektore bat aurrera eramateko edo jendartean zuzendaritza garatzeko bere postu politikotik, dialektikoki arrazoituz.

Dialektikoki ulertu behar dira Guevararen testuak, tokian tokiko eta unean uneko baldintzen arabera egokituz, bai, baina XXI. mendean ere badute funts iraultzaile ederra. Gure esku dago gehiago irakurtzea, aztertzea, euskaratzea, eztabaidatzea eta praktikara eramatea, teoria eta praktika uztarri berean joanik, elkarren eskutik, mundu hobe baten aldeko borrokan ari garen guztion onerako.

Izan ere, Che duela 50 urte erail zuten, baina haren irakaspenek bizirik diraute. Berak irakatsi zigun militantea zaildu, gogortu behar dela, beti ere xamurtasuna galdu gabe; eta internazionalismoaren oinarria, alegia zapalkuntza borrokatu behar dela, injustizia non-nahi delarik ere. Horregatik eta elkartasuna herrien arteko xamurtasuna delako, herriak tinko! Bartzelonako kale batean aspaldi irakurri nuen: «La solidaritat es una flama que no s'extingeix» (Elkartasuna itzaltzen ez den sugarra da).