Mikel Zubimendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Kataluniaren lezioa: herria, herria soilik eta herria beti

Milaka eta milaka euskaldun bezala, Katalunian, Bartzelonan, ibili gara lagunartean. Elkartasuna adierazi, ikusi eta ikasi. Eta bai, handia, oso-oso handia, kolosala izan da.

Telebistak eta sare sozialek oilo-larru jartzeko irudiak erakutsi dituzte. Itsukeria errepresiboa hain izan da groteskoa! Katalanek ez dute egin dietena ahaztuko, nola espainiar publikoa kontentatzeko «¡A por ellos!» esan eta gogor eta gupidagabe jardunez indar erakustaldia egin nahi hori. Baina, ai zein garesti ordainduko duten akats monumental hori. Ene!

Oso kontuan hartzekoak diren lezioak ekarri ditugu bueltan bizkar-zorroan. Aurrena, lasaitasuna zein iraultzailea den. Holako muturreko egoeran, erresistentzian erakutsitako lasaitasun hori herri oso baten inteligentzia kolektiboaren ispilu da. Lasai errepresioa biluziz, lasai barne kohesioa indartuz, kanpoko sinpatiak pilatuz, lasai, sobreaktuaziorik gabe, orrorik gabe. Hor, handiak, oso handiak direla demostratu dute.

Herria eta gobernua batuta ikusi ditut, halako prozesu batek, nahitaez, herritarra eta instituzionala izan behar duela, desobedientea bezain obedientea, beren buruei, legeei, beraiek hautatu buruzagiei obedientea.

Emozioak politikan zein funtsezko eta kutsakorrak diren ikusi dugu. Adineko jendeari zaion miresmena; poliki-poliki, tirriki-tarraka, haien parte-hartzea nola bideratu den. Zelako malkoak adinekoak botoa emanda kalera bueltatzean, ene! Eta La Caixako egoitza zentraleko langileak CUPekoen esloganak oihukatzen, ene, ene!

Herriak errealitate bainu mundial bat eman du. Urteak zeramatzaten abisatzen eta abisatzen, eta kasurik ez, eta kasurik gehienetan zigorra eta gehiegikeria bueltan. Eta azkenean, profesionaltasunez lana erruz eginda, booomm! errealismoaren eztanda frenetikoa espainiarren muturretan. Herria, herria soilik, herria beti ardatz: talde txiki batek ezin duelako inoiz ordezkatu herri oso baten indarra.