«Zirimola» berri batean sartuko da EHZ, udan jaialdia zapuztu ondoren
Eguraldi txarragatik Euskal Herria Zuzenean festibala bertan behera geratu zen udan, eta ondotik sostengu ekintza anitz izan dira hainbat eragileren eskutik. Ekimen horiek guztiak eskertzearekin batera jaialdiaren antolatzaileek dinamika berri bat abiatuko dute gaur Ezpeletan eginen den kontzertu batekin. Zea Mays, Anestesia eta PI. L.T. taldeak izanen dira merkatu estalian, 21.00etatik goiti.
Udako “Elkartasun erauntsia”-ren ondotik, “Zirimola” abiatuko dute jaialdiko antolatzaileek, bospasei hitzorduz osatuta egingo duten kanpaina berria. Eguraldiarekin lotutakoak dira bi izenak, euriak bertan behera utzarazi zuen hitzorduari keinu eginez. Dinamikak jaialdiaren hasieran Aitor Renteriak idatzi zuen “Arrosako zolan” kantu ezagunari ere egiten dio erreferentzia, non «kantuz zirimolan» aritzera deitzen zen.
Lehen kontzertua gaur bada ere, dinamikaren nondik norakoak eta EHZk hartuko duen etorkizunerako bidearen zehaztapenak hilabete barru eginen dituzte publiko.
Gogoeta fasea
Lekorneko hitzordua bertan behera utzi ondoren, gogoeta fase batean murgilduta egon dira azken hilabeteotan. Jaialdia arriskuan zela jakinik, laguntzaile berri andana izan direla nabarmendu zuen Jon Irazola EHZko kideak: «Anitz jenderi anitz inporta zaio zer gertatzen zaion festibalari, usaian baino gehiago izan gara lanean».
Egindako lanari buruz hau gaineratu zuen: «Udan zehar krisi egoeran ginen eta gogoeta serioa eraman dugu, ardatzak aztertu ditugu, baita nora joan nahi dugun ere. Dinamikak segitzen du, baina ezin da erran zein izanen den fruitua».