GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Denak Lehen Mailara begira

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, 18.00etan, Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa.


Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko da gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18.00etatik aurrera. 11 aizkolari lehiatuko dira, eta aurreneko seiek lortuko dute urriaren 29an Azkoitian jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Finalean sartzeaz bakarrik arduratu beharko dute aurtengoan, mailarik ez baitu inork galduko. Izan ere, Nazabal aizkora utzita dago eta, beraz, ez da arituko, ez eta Erasun eta Senosiain II.a ere, uko egin baitiote parte hartzeari, eta ondorioz hiru horiek galduko dute Bigarren Maila. Alde horretatik, lasaitasuna izango dute, behintzat, aizkolariek.

Ruben Saralegi, Jexuxmari Mujika, Aratz Mugertza, Xabier Zaldua, Oihan Larretxea, Arkaitz Jauregi, Julen Kañamares, Mieltxo Mindegia, Arria V.a, Joxeantonio Etxeberria eta Oier Kañamares; horiek izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Bakoitzak, hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu.

Finalerako faboritoak aipatzerakoan, izen asko daude, ez baita ikusten alde handirik aizkolarien artean. Hala ere, izen batzuk nabarmentzen dira eta horietako bat Arria V.a da. Errezildarrak izan beharko luke finalean sartu behar luketenetako bat. Askok Ruben Saralegi edo Xabier Zaldua ere azkeneko saio horretan ikusten dituzte, baina aurrena kanporaketa gainditu beharko dute. Inork mailarik galduko ez duenez, bat baino gehiago presio txikiagoarekin joango da eta agian ezusteren bat emateko gai ere izan daiteke. Saio bat irabaztea beti izaten da garrantzitsua, baina kanporaketetako helburua finalean sartzea izaten da. Gero, finaleko aurreneko biek lortuko dute Lehen Mailara igotzea.