Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

XXI. mendeko iraultzen bila, Iraultzaren mendeurrenean

Duela 150 urte argitaratu zen lehen aldiz Marxen “Das Kapital” alemanez. Duela 100 urte, aurretik abiatutako matxinada iraultza orokorra bilakatu zuten boltxebikeek Errusian. Duela 50 urte, Bolivian, Che Guevara harrapatu eta asesinatu zuten. XX. mendeko iraultzen ikur eta erreferentzia eraginkorrak hirurak, lehena XIX. mendeko testua izanik ere. Gurean, hiruren eragina nabarmena izan da, baina Guevara eta bere ideia eta borrokak inspirazio emankorrak izan ziren euskal gazte ero haiendako, baita oro har Euskal Herrian piztu zen matxinadan ere.

Gure herriaren borrokaren ibilbidea luzea da eta inspirazioak egokitzen eta aberasten joan gara. Jakina da Guevara ikur potentea dela, baita fribolizatu, komertzializatu eta fetitxizatu egin dela ere. Baina inspirazio emankorra da, eta horregatik milaka lagun bilduko gara egunotan Vallegranden, hil zuten lekutik gertu dagoen herri handian.

Ez da erraza izaten Vallegranden Internetera konektatzea eta, beraz, ez ditut Kataluniako gertaeren azken berriak nahi bezala segitu, baina urruntasun honetatik, hango herri jarduera subiranista eta Boliviako aldaketa prozesua etortzen zaizkit gogora gure garaiko iraultzak nondik etor daitezkeen pentsatzean. Jakin badakit hainbat ortodoxia astintzen dituela gogoeta honek baina, finean, internazionalismo proletarioa eta «benetako iraultza»-ren bidearen kontrako burges ttiki probintzianoak besterik ez gara, batzuendako…

Segi dezatela halakoek iraganari so, XX. mendeko iraultzen itzuleraren zain, bene-benetako iraultzaren ikurra altxatuz. Tamalez, ez dira gure garaikoak atzemateko gai, beren aitzin lehertzen badira ere.

Neoliberalismoaren hegemonia garai hauetan zaila bada ere, XXI. mendeko matxinada eta borroka eraldatzaileak abiaturik daude, eta gehiago hasi eta sustatu behar. Hori da, ene ustez, Che Guevara gogoratzea, hori da Kapitalari aurre egitea, hori da boltxebikeen emankizun erraldoia gaurkotzea.