Ariane KAMIO
DONOSTIA

Nork bere azaletik

Martin Bidaurrek joan-etorriko trazuan egin du bere lehenbiziko poema liburua, haurtzaroko episodioetatik helduaroko bidean jasotako bizipenen sintesi intimoa. Gehientsuenean tonu fatalistakoa, baina onarpenari argi printza ere zabaltzen diona. «Itzulera» eguneroko baten formari atxikita eraiki du; eta denborak eraikitzen ere lagundu dio.

Martin Bidaurrek sinatu du bere lehenengo poema liburua. “Itzulera” (Susa). Itu Bandatik abiatutako izenordearen atzean dago Peru Iparragirre [Tolosa (Okzitania), 1996], atzean, aurrean edo barru-barruan. Izena batena, luma bestearena, ala sinbiosi poetiko baten emaitza baita atzo Donostian Martinek eta Peruk aurkeztu zuten lan berria.

Denboran luzaro –baina ez gehiegi, 21 urteko idazle gaztea baita Iparragirre– gorpuztutako poema bilduma da “Itzulera”, tonu fatalistan, ilunean –«depresiboan ere agian»– beheratutako errekasto labur baina sakona. Denbora badelako, hain zuzen, Bidaur eta Iparragirre bateratzen dituen asmo jakinetako bat. Ordulariaren orratzetan harilkatutako poemekin atzeranzko bidea gauzatu du liburuaren hasieran. Haurtzarorainoko bidezidorretan, «ezin oroitua», eta hortik ihes egiteko beharra. Poema bildumako bost ataletatik lehena eskaintzen dio bere bizitzako lehenengo memoriari. Eta bigarrenean nerabezaroan zintzilikatu da, «norberaren azaletik ihes egiteko behar adoleszenteak nola». «Desira hori egikaritzen da Pariserako ihesean. Baina bere baitatik ezin du ihes egin. Ihesaldi frustratu horretan kontatzen dira gauzak, harremanak, jendea, lekuak...».

Eta hortik, itzulera; Parisetik Euskal Herrirako buelta. Azken ataleraino tonu nostalgikoan mintzatzen da Martin Bidaur, nahiz amaieran argi izpiei bide egiten dien itxitako leihoetako zirrikituetatik. «Badago etsiaren onarpen bat, sendatze saiakera bat, identitate baten bilaketa ere bai».

Eguneroko itxuran

Peru Iparragirrek idatzi eta Martin Bidaurrek sinatzen dituen poemek arnasa luzea dute, ez dira atzo idatzitakoak. Eta liburuaren sorrera prozesua ere, ezinbestean, pausatuki egindako ariketa labur baino luzeagoa izan da. Hasiera batean liburu batean biltzeko asmorik gabea, ziur asko. Literatur lehiaketetara aurkeztutako sorkuntzak dira batzuk eta bidean geratu dira ere Itu Bandaren “Lekore” aldizkari literarioan asmo berean sortu eta argitaratu ziren poemak. «Bilduma bat osatzen zuten poemak banituen, eta momentu batean konbentzitu ninduten Susara bidaltzeko, ea merezi ote zuen edo hobe izango nuen argazkiak ateratzen jarraitzea –hainbat idazleren liburuetako argazkiak bereak dira, Oier Guillan edo Hedoi Etxarterenak, kasu–».

Jose Luis Otamendi, Iñigo Aranbarri eta Gorka Arrese laguntzaile izan ditu obra osatzeko bidean. «Poemak pilatzen joan nintzen, baina eman nahi nion koherentzia bat. Hartu duen forma esperientzia intimo baten kontaketarena izaki, eguneroko poetiko baten itxuran egituratuta dago, kontatzen dituelako denbora tarte batean norbaiti gertatzen zaizkion gauzak». Azaldu zuenez, Paristik itzuli zenean, 2014/2015 ikasturte hasieran osatu zuen lehen bilduma eta maiatzera arte idatzitako poemak batu ditu “Itzulera”-n. Denbora, lekuak, iragana aztertzeko nahi bat eta bizitzen segitzeko gogoa.

Iparragirrek txikitatik ezagutu izan du gertutik Susa argitaletxearen egitura fisikoa eta emozionala. Bizitzan ezohikotasunarekin bizikidetza izan du idazleak. Literaturaren talaiatik aspaldidanik dira ikusle Peru Iparragirre eta Martin Bidaur. 2013koa da Itu Bandaren intentzio deklarazioa, Beñat Sarasolaren probokazioaren ondorioz sortutako taldea. «Ez dakit irauteko pretentsioa izan dezakeen inork, baina badago asmo bat ez dela hutsala. Kontzienteki idazten hasi naizenetik Martin Bidaur bezala idatzi izan dut, eta hau da bere lanik berriena».

Bera da Itu Bandan liburu bat argitaratu duen lehenengo kidea; «ez du ihes egin bandatik baina aurrea hartu du pelotoian», esan zuen Susako editore Gorka Arresek, atzoko aurkezpenean lagun. Harkaitz Cano, Igor Estankona, Jon Benito, Xabi Borda, Hedoi Etxarte... Susan lehenengo poema liburua argitaratu izan duten idazleen zerrenda ekarri zuen mahai gainera. «Eta ‘Itzulera’ zerrenda luze horretan batu nahi nuke». Denbora oroitzapenen sorkuntza mekanismo gisa, atzetik aurrera eragin daitekeen erloju bat, memoriaren hautapena, egon bai baitaude... ametsak ere zain.