Gabriel Aresti: «Ez poz, ez negar; bertsoak eragin dezala dar-dar»
Euskal Harria» liburua argitaratu zenetik 50 urte igaro direla eta, Gabriel Arestiren gaineko hitzaldi sorta izan zen atzokoan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Oskorri berriro batu eta orduko hainbat kantu eskaini zituen.
Egun osoan zehar hainbat hitzaldi entzuteko mukuru bete zen aretoa lehen ordutik. Xabier Kintanaren, Jon Kortazarren edota Arestiren beraren hitzaldiak entzun ziren, azken hau dramatizatua, Mikel Martinez aktorearekin eta Aresti poetaren ahotsean. Oskorrik tarteka hainbat kantu eskaini eta Andoni Egañak ahozko tradizioa eta modernitatea aurrez aurre paratu zituen, Arestiren idatziak eta bertsoak plazara ekarriz.
Susana Jodra Arte Ederretako fakultateko irakasleak Agustin Ibarrolaren grabatu eta xilografiei buruz hitz egin zuen eta Ibarrola beren-beregi omendu zen atzoko saioan. Jodrak Ibarrolaren lanak ere “poema bisualak” direla adierazi zuen, «testuen ondoan ageri diren irudi eta lanek irakurketa zabalagoa lortzea» ahalbidetzen dutela nabarmenduz.
Duela 50 urteko liburuaren aitzakiarekin, Arestiren obrari, sorkuntzari eta kezkei errepasoa emateko balio izan zuen saioak. Andoni Egañak garaiko eztabaida batzuk gogora ekartzeko baliatu zuen bere hitzaldia. Arestirentzat «zaharrena dela berriena» azpimarratuz. «Xenpelar aldarrikatzen du Arestik, berritzailea izan zelako», baieztatu zuen jendaurrean bertsolari txapeldunak. «Axularren ‘Gero’ ikasten duen bezala, Bizkaiko kopla zaharrak ikasiko ditu Arestik, jabetzen da Xenpelarren gaitasunaz eta hasten da 25 urte lehenago Txirritaren pasadizoak zer-nolakoak ziren ezagutzen». Hortxe kokatu zuen Egañak poetaren ezagutza bertsolaritzarekiko.
Basarrirekin eztabaidan
Baina baita aurrez aurre ere Basarrirekin “Zeruko Argia”-n izan zituen eztabaida batzuetan. «Bertsolariak zarete euskarazko benetako poetak», bota zion artikulu batean. Sutan jarriko du Basarri, eta «gizajo batzuk baino ez gara bertsolariak», aitortuko zion erantzunean. Arestik orduko bertsolariak zirikatzen jarraituko du, eta “Nire ofizinatik” erantzungo dio Basarriri, «sagardotegitik atera eta komentuan sartu» direla esanez.
Arestik batez ere bertsolarien jarrera kontserbadorea kritikatuko du, eta Egañak aitortu zuenez Basarrik eta beste bertsolari batzuek adibidez bederatzi puntukoan ez abestea adostu zuten; eta gaietan ere ez zegoela aurrerabide askorik gauza nabarmena izan zen. «Betiko neurri, doinu eta doinuetan ari zirelako kezkatu zen Aresti», gaineratu zuen zarauztarrak.
Bertsoaren funtzioa
Andoni Egañak jendaurrean azaldu zuenez, Arestiren ekarpen handiena bertsoaren funtzioaz teorizatu zuena izan zen. «Bertsoaren funtzioa ez da barre eragitea, ez da negar eragitea, bertsoa da dar-dar eragiteko». Hori ilustratzeko Gabriel Arestiren bertso jarri batzuk kantatzen hasi zen Andoni Egaña Euskaltzaindiko aretoan. «Ez duzue barre egingo, eta ez duzue negar egingo», aurreratu zen, «baina dar-dar igual bai!», bota zuen irribarretsu Egañak. Iparragirreren metrika eta doinuan ekarritakoak adi-adi entzun zituzten bertaratuek. Lehenago Mikel Martinezen hitzaldia bezala, edo Oskorriren aspaldiko kantuen antzera.
Arratsaldeko txandan, Miren Rubio kazetariak gidaturik Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia aritu ziren hizketan, Arestirekin izandako bizipenak gogoratzen. Solasaldia abiatu aurretik Joseba Sarrionandiak igorritako mezua entzun zen Euskaltzaindiaren egoitza ezin beteago batean. “Euskal Herria izango da hurrengo Vietnam” izenburupean egin zuen ekarpena Iurretakoak, eta Arestik berak “Euskal Harria” liburu batean egindako oharra zen, gaztelaniaz. Liburu hori Kubara eroan zuen marinel brasildar batek. Bernardo Atxagak 70eko hamarkada hasieran Arestik purismoaren kontra egindako aldarria azpimarratu zuen. Arantxa Urretabizkaia luzaroan aritu zen Lur editorialean Arestirekin. Ordukoak gogoratuz, literaturaz, hizkuntzaz eta bestelakoez solasaldi atsegina bilakatu zen idazleen artekoa.