16 OCT. 2017 Aizkora Aitzol Atutxak ederki sufrituz eutsi dio txapelari Vicente gazteak sekulako lana egin du, eta bukaeran bizkaitarrarengandik 18 segundora sailkatu da. Última actualización: 16 OCT. 2017 - 09:15h Jon LEUNDA Aitzol Atutxak laugarren urtez jarraian irabazi zuen atzo Donostian Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. Bizkaitarrak asko sufritu behar izan zuen saioan zehar, Iker Vicentek asko estutu baitzuen, nahiz eta lehen enborretik azkenekora aurrena izan zen aizkolari bizkaitarra. Jendeak erantzun ona eman zuen, eta Gaska kiroldegiko harmailak erdia baino gehiago bete ziren. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen. Orokorrean, enborrak onak izan ziren. Txapeldunak sekulako abiadan ekin zion lanari, eta azkar hartu zuen aurrea. Lehen enborretik erakutsi nahi izan zuen zein zen nagusi, eta hasieratik ekin zion txapela lortzeko bideari. Lehen enborrotan Mugertza eta Vicente parean ziren bigarren postuan. Atutxak lehen enborretik hartu zuen aldea, 30 segundo, baina Vicentek eta Mugertzak lehen erdian ederki eutsi zioten, eta Otsagabikoa 10 segundora ere jarri zen. Denak oinbikoen zain zeuden, hor aldea handituko zuela zirudien, baina Vicente Atutxaren gainera sartu zen, eta jada garbi geratu zen bien artean egongo zela txapela. Laugarren oinbikoaren amaieran, zortzigarren enborraren ostean alegia, denak erabakita zirudien, bizkaitarrak bere aldea 51 segundora luzatu baitzuen. Baina hurrengo enborrean aldea laburtu eta 26 segundora jarri zen Vicente. Azken kana-erdikoetan alde horri eutsi zion Atutxak eta beretzat izan zen txapela. Bigarren amaitu zuen Vicentek. Oraindik 20 urte besterik ez ditu, eta garbi utzi zuen lehenago edo geroago Euskal Herriko txapelak jantziko duela bere burua ere. Beste borroka hirugarren posturako izan zen. Larrañagak eskuratu zuen, baina Azurmendi oso gertu izan zuen, baita Otaegi ere. Azurmendik hasiera oso txarra egin zuen, oso atzean geratu zen, eta azkena ibili zen, baina gero gora egin zuen, eta laugarren amaitu zuen. Otaegi hirugarren ere ibili zen une batez, baina zizurkildarrak bosgarren amaitu zuen, Urrezko Kopa jokatzeko txartela eskuratuz. Ugaitz Mugertzak Azurmendik egin zuen bidearen kontrakoa egin zuen. Hasi oso ongi egin zen, baina lan erdietatik aurrera behera egin zuen, eta sailkapena itxiz amaitu zuen jarduna. Lan guztiak burutzeko 40 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak. Atzetik, Vicente II.a (41.11), Larrañaga (43.50), Azurmendi (44.07), Otaegi (44.39) eta Mugertza II.a (46.45) sailkatu ziren. Estututa Aitzol Atutxa gustura zegoen txapela buruan, baina asko sufritu behar izan zuela onartu zuen. «Azkar hartu dut abantaila, baina gero asko sufritu dut. Oinbikoetan ez naiz batere gustura aritu, ezta 60 ontzakoetan ere. Hala ere, azkenean nuen aldeari eutsi ahal izan diot», esan zuen Aitzol Atutxak. «Jokatu ditudan Euskal Herriko finaletan gehien sufritu dudana izan da», nabarmendu zuen aizkolari bizkaitarrak. Bigarren postuan amaitu zuen Iker Vicente gazteak, baina Otsagabikoak finala oso gustura amaitu zuen. «Oso gustura nago. Nik uste dut dena ongi egin dudala, gorputzaldia ere bikaina neukan, eta, egia esan, oso gustura amaitu dut. Atutxak berak ere ikaragarrizko lana egin du, eta zoriontzea besterik ez dago», adierazi zuen nafarrak. Iker Vicentek onartu zuen une batez pentsatu zuela txapela beretzat izan zitekeela ere. «Zazpigarren enborra amaitutakoan pentsatu dut txapela nirea izan zitekeela, baina azkenean ez dut Atutxa harrapatzerik izan. Hala ere, oso gustura nago».