Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Trad estiloan espezialistek proposamen gogorrak egin dituzte

Bernd Zangerl austriarrak puntu gorria jarri dio Murgtalen (Suitza) «Into the Sun» bideari (8c+). Zailtasuna baieztatzekotan, mundukobide gogorrenetarikoa litzateke. Hazel Findlay britainiarrak, berriz, «Tainted Love aka Northern Soul» (8b, Squamish, Kanada) igo du.

Trad estiloan edo eskalada tradizionalean egiten diren jarduera interesgarrien berri edukitzeko, gure ingurumaritik aldendu behar gara. Eskalada estilo honetako informazioa jasotzeko, horrenbestez, “mugitu” beharra dago. Eta eskaladon inguruko notiziak tantaka iristen badira ere, uste dugu azpimarragarrienak aipatzeak merezi duela.

Lerrootan, beraz, bi jarduera bikain azpimarratuko ditugu. Lehenak, Bernd Zangerlen sinadura darama. 39 urteko austriar honek, Suitzako Murgtalen, “Into the Sun” bidearen lehenbiziko igoera askea erdietsi du. Marra horrentzat (highball edo bloke garai bat bezala hartzen da ere), 8c+ zailtasuna proposatu du. Gradu hori baieztatuko balitz, munduko gogorrenetarikoa izango litzateke.

Bitartean, Hazel Findalyk “Tainted Love aka Northern Soul” bideari puntu gorria jarri dio. Kanadako Squamishen dago, eta emakumezko britainiarrak dio 5.13d R edo 8b izan daitekeela.

Biek ala biek jarduera bikainak egin dituzte, baina bi eskalatzaileon inguruan azpimarratzeko moduko xehetasunak egon badaude. Findlay, berez, trad estiloan espezialista handia da; nazioarte mailan, zailduenetarikoa. Zangerlek, berriz, erakutsi du eskalada estilo horretan ondo moldatzen dela. Baina, agian, berri honek bat baino gehiago nahasi egin du; izan ere, austriarra betidanik blokeko espezialista handia izan da. Halaxe da. Duela hamabost urte, Suitzako Magic Wood entzutetsuaren aitzindarietako bat izan zen; eta horrez gain, boulderrean muturreko makina bat korapilo askatu eta igo ditu. Garai batean munduko espezialista indartsuenetarikoa izan zen Fred Nicole eta enparauekin batera. Austriarra, 8c egiteko gai zen 2.000 hasieran.

Gainera, Zangerlen kasua bitxia da. 2015ean, bloke gogor bat probatzen ari zela, erorikoa izan eta min hartu zuen. Lesio gogor hori gainditzeko, pare bat urte behar izan ditu, eta, irakurtzen den bezala, sasoia berreskuratu eta trad estiloan 8c+ bat igo berri du.

Uste dugu azken aipamen hori, lesioarena, luze jorratu beharrekoa dela. 2015eko abenduaren 29an, Crescianon bloke bat eskalatzen ari zen. Eskalatzaileak adierazi duenez, probatzen ari zen boulderra ez zen zaila: «Ez zen muturreko xede bat. Sabai batean nengoen, eta bizkarrez erori nintzen. Hori bai, koltxonetak babestu ninduen. Ez da bloke garai bat, ez da berezi zaila, ez du balizko eroriko txarrik... Aldiz, lepoko hezurrean sentsazio arraroa izan nuen. 20 urte neramatzan blokean erorikoak izaten, eta halako egoerarik bizi gabea nintzen. Lepoko min pixka bat banuen, baina ez nion garrantzi handirik eman eta etxera itzuli nintzen. Biharamunean, lepoa lasaitzeko, bainu lasaigarri bat hartu nuen. Egunak pasa ahala, ohartu nintzen lesio serio bat nuela; izan ere, lepoko mina izugarri areagotu zen. Erresonantzia magnetiko bat egin ondoren, sendagileek esan zidaten zorte handia izan nuela: lepoko 5. eta 6. ornoetan zauri larriak nituen».

Zangerlek jasotako berriak, beraz, ez ziren batere onak. Eta hori gutxi balitz, lesioa okertzen joan zen: «Handik egun batzuetara, esnatu eta hainbat hatz ez nituen sentitzen. Ordu batzuk geroago, bizkarreko muskuluak dar-dar egiten hasi zitzaizkidan. Burmuinak ez zien giharrei agindurik ematen. Atrofia bere bidea egiten hasia zen. Ez nekien zer pasatzen ari zen. Zortzi bat aste behar izan nituen nire egoera berriaz jabetzeko. Gimnasiora joan eta ohartu nintzen eskaladarentzat oso garrantzitsuak diren muskuluetan indarrik ez nuela».

Sendagileen zein fisioterapeuten esku jarri zen. Horretan zela, medikuntza tradizionala alde batera utzi, eta Indiako Himalaiara joan zen; ingurumari hartan aurkitu zuen bere Shangri-La partikularra. «Bakar-bakarrik nengoen, mundutik erabat isolatuta. Nire gorputza zein burua entzuten jardun nuen. Beste era batera esanda, meditazioa asko landu nuen. Hilabete batzuk igaro ondoren, askoz hobeto sentitzen hasi nintzen. Etxera itzuli, entrenamendu espezifiko bat egin eta sasoian asko aurreratu nuen. Orduan ohartu nintzen berriro nire ametsak egia bihurtzeko gai nintzela».

Lesioa izan eta urte eta erdira (489 egun), Zangerlek esku artean zuen xedea biribiltzea lortu du: «Joan den otsailean, Fred Nicole kideari bisita egin eta erabaki nuen Murgtalen helburu bati ekitea. Apirilerako %100ean nengoen».

Isilik, inori ezer esan gabe, “Into the Sun” xedea forma hartzen hasi zen. Eta, forma hartzeaz gain, tradeko muturreko proposamena izatera heldu da. 20 metro luze da da: «Hasteko, blokeko 8a+ graduko sei mugimendu ditu, eta, ondoren, Nicolek zuen top rope-ko bloke batera, ‘Murgtal Tag & Nacht’ (8a+), zeharkaldia egiten da. Eta amaiera 7b zailtasunekoa da».

“Into the Sun” bidearen zailtasunari buruz, protagonistak adierazi du 8c+ izan daitekeela. Baina onartu du zenbaki eta letra horri ez diola benetako garrantzirik ematen: «Lesioaren ondoren, bide horretan egin dudan zailtasuna baino askoz ere azpimarragarriagoa da boulderrera eta eskaladara itzuli naizela. Eskalada maite dut, eta hori ezin da zenbakiekin neurtu».

Oso indartsu

Findlayk, zorionez, ez du Zangerlen prozesu gogorra bizi izan behar. Britainiarra gogotsu eta indartsu dabil trad estiloko bideetan, eta, “Tainted Love aka Northern Soul”-i puntu gorria jarri ondoren, erakutsi du estilo horretan emakumezko espezialista zailduenetarikoa dela.

Squamisheko bide hori, jakina, ekipatu gabe dago; hots, aseguru finkorik ez du. Eta hura sinatu zuenean, aseguru horiek jartzen eskalatu zuen: «Gogorra izan da oso, eta den-dena eman behar izan dut. Gainera, beroari eta keari [inguruko basoetan suteak zeuden] ere egin behar izan diet aurre. Marra honek sekuentziaz beteriko memoria ezabatzeko gaitasuna du. Apenas heldulekurik duen; soilik agerikoa den artesi bat».

Bidearen zailtasunari dagokionez, 8b gradua jarri dio: «Kateatu nuen egunean, seguruak jartzen igo nuen. Eta, jakina, eite hori giltzetariko bat da; izan ere, fisurero txiki-txikiak jartzeko, buruhauste handiak izan nituen. Espero dut marra honek errepikapenik izatea, ‘gauza’ hau ederra bezain eroa baita. Bide honek teknika zein indarra eskatzen ditu, eta uste dut desagertzeko zorian dagoen arte bat dela».

“Tainted Love aka Northern Soul” bidean izaniko prozesuaren inguruan, eskalatzaile britainiarrak adierazi du Neil Dyer- sokakideak asko lagundu ziola: «Taldeko igoera bat izan da. Neilek asko inspiratu nau. Bide hau oso interesgarria da, ia heldulekurik ez du, eta, beraz, mugimenduak ezin dituzu memorizatu. Mugimendu bat egin, erorikoa izan eta hurrengo saiorako eginiko ia guztia ahaztuta nuen. Hasieran, top rope edo soka gainetik probatzen hasi nintzen. Ondoren, materiala artesietan jarrita; izan ere, nire urduritasuna probatu nahi nuen. Baina benetako igoera egiteko, material hori igotzen ari nintzen bitartean jarri behar nuen. Eta hala egin nuen».