Jon GARMENDIA
Idazlea

Udazkenaren irribarrea

Udazkeneko hego haizearenak dira karrikak, eta armairuko zulo sakonean gordetako udako arropa oroitu duzu, askotan jokatzen baitu eguraldiak probokazioz. Halere, aski da zuk sandaliak janztea frantziparrak jo dezan eta hozkirria hezurretaraino sar dakizun, egun erdia dardarka pasa dezazun. “Urria usoen galgarria” atsotitzak dioen gisa, hilabete erdian plantatu zara galtzaile, oharkabean doaz egunak eguraldiaren beha egonik. Txikitan desberdin zela, eta gaztaroan dena mantsoago zihoala, horra zer irudipen daukazun; baina dena deskubrimendu zen orduan, dena berri, hemendik hara eta handik hona beti, eta orain, munduari itzulia emanda ere, harrituko zaituen gauzarik ez dela ziurtatuko zenuke, dena da errepikakor, eta asperraldiaren erdian ordulariko orratzak arin. Gaztaroan jantzi eta helduaroan tapatu, horrela pentsatzen zenuenean erran dizu bere loditasunari buruz hitz egiten duela jendaurrean, eta barre egiten diola bere buruari, entzuleei barrea eraginaz. Goxotasuna ikusi duzu bere begietan, eta inbidia zure baitan, ze ederrak diren konplexurik gabe bizi diren horiek, ze alaitasun duten. Negua heldu aitzin zuk ere zin egin diozu zure buruari barre egitea.