GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Vicente eta Atutxa, aurrez aurre Ligako finalean

Nafarrarekin eta bizkaitarrarekin batera, Rekondo ere arituko da bihar eguerdian Getxoko saioan.


Euskal Herriko finalaren ostean, Urrezko Aizkorako Txapeldunen finala dator, eta Getxoko probaleluan bihar 12.30etik aurrera izango diren hiru aizkolarietatik bi, joan den igandean Donostiako neurketan izan ziren, Aitzol Atutxa eta Iker Vicente. Hirugarrena, Jon Rekondo, aurten finaletik at geratu da, eta saiatuko da neurketa honetan han izateko adinako maila baduela erakusten.

Askorentzat biharko final hau joan den igandekoaren errebantxa izan daiteke, baina zaila da horrela hartzea, lanak ez baitauka zerikusirik; oso ezberdinak dira biak eta ondorioz zaila da bien alderaketa hori egitea.

Aizkolari bakoitzak erlojuz kontra 45 ontzako enbor bat ebaki beharko du hasteko. Ondoren, tamaina bereko enborra izango dute aurrean, baina oraingoan zutik jarrita. Hirugarren lanean abiadurako proba egin beharko dute 60 ontzakoarekin. Laugarrengoan, aurrena zutik jarritako 45 ontzakoa moztu beharko dute, eta jarraian etzanda jarritako kana-erdikoa. Azkenik, lau 60 ontzako erdibitu beharko dituzte. Proba guztietako denborak batu eta onena duenak lortuko du garaipena.

Askoren ustez, Vicenteren eta Atutxaren arteko neurketa izango da, baina Jon Rekondo ere ezin da ahaztuta utzi. Leitzarrari lan hauek ez doazkio batere gaizki, eta segur aski beste biek duten presiorik ez du eramango. Nafarrak badaki besteak direla faborito, eta presioa bere gainetik kentzen badu, eta nerbioak etxean utzita joaten bada beste biak estutzeko gai izan daiteke. 

Seguruenik ere iraupen proban erabaki daiteke final hau, eta han lau 60 ontzako izango dituzte aurrean. Ez da lan luzea, baina aurreko ekinaldien ondorioa nozitu lezake finalistetakoren batek. Zutik jarritako bi enbor ere badaude lan laburretan, baina hirurak ongi moldatzen dira lantegi horretara eta hasiera batean ez dirudi auzia erabakiko dutenik.