Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Bartzelonako alkateak duda bat dauka, EAJk ez?

Ada Colauk duda bat dauka. Duela bi urte udal hauteskundeak irabazi zituen, 11 zinegotzi lortuta. Osotara 41 dira. Etxe kaleratzeen kontrako mugimenduaren ikurraren garaipenak lurrikara eragin zuen Kataluniako hiriburuan, inork ez baitzuen espero, baina datu gordinak ikusita, oso garaipen estua izan zen. Udaletxeko zinegotzien laurden bat baino ez du berea.

CiU (10 zinegotzi), Ciutadans (5) eta PP (3) aldez aurretik baztertuta, egonkortasuna PSCn (4), ERCn (5) edo CUPen (3) bila zezakeen Colauk. Zintzoak bagara, azken biek ez zioten batere erraz jarri, prozesu independentistarekin lerrokatzea eskatu baitzioten. Ez zen oso jokabide azkarra izan. Ada Colau ez da independentista, hori ez da inoiz ahaztu behar. Izatekotan, ezetzaren kanpaina demokratikoa martxan jartzeko adorerik ez izana leporatuko nioke nik Colauri.

Baina ez gaude hemen agintari katalanei ezer leporatzeko. Ez dira gure ordezkariak, batzuetan hala izatea nahiko bagenu ere. Esaten nuen, bada, Colauk duda handi bat daukala orain esku artean. Ez zaio buruan sartzen bere gobernukide sozialistek Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioa babestuko dutenik; alegia, instituzio katalanen suspentsioa babestuko dutenik. Baina hala bada, mantenduko al du PSCrekin koalizioa Bartzelonako Udalean? Atzo oso sakonki pentsatuko zuela adierazi zuen Colauk.

Galdera birformulatu daiteke hemen. Colauk arrazoi demokratikoengatik sakonki aztertuko duen koalizio bat ez al du hemen EAJk dudan jarriko arrazoi abertzale eta demokratikoengatik?