Irigoienen eta Lopetegiren arteko dema espero da Aian
Diva Harri Txapelketa jokatuko da bihar, 18.00etan, Aiako probalekuan. Bertan, Juan Iguaranek eta Martin Lizeagak jokatu zuten apustuan erabilitako harriak izango dituzte: 125 kiloko zilindro bereziak. Harri bakoitzarekin lanean jarduteko, hiruna minutuko txandak izango dituzte.
Lehiaketa honetarako, antolatzaileek maila handiko harri-jasotzaileak erakarriko dituzte, eta hori, dudarik gabe, oso berri ona da. Aimar Irigoien izango da irabazteko faboritoa. Errezildarra tartean bada, bera da faboritoa. Gainerakoek lana ongi eta hutsik gabe egin beharko dute saioa irabazteko eta Aimarrek bere egunik onena ez dezala izan espero, bestela zaila izango da bera menderatzea.
Errezildarrarekin batera, Izeta III.a, Mikel Lopetegi, Xabier Peñagarikano, Julio Jimenez, Goikoetxe, Aimar Galarraga, Jon Peter eta Gorka Etxeberria ere bertan izango dira. Ikusmina piztu duen saioa da hau, Irigoienez gain, Mikel Lopetegi gaztea ere bertan izango baita. Zarauztarrarekin harri txikietan sekulako ilusioa dago, eta saiatuko da faboritoa estu hartzen.
Itxura guztien arabera, bera izango da Aimarrek izan dezakeen aurkari nagusia, eta bien arteko lehia polita izan daiteke, gainerako kirolarien lana ahaztu gabe, guztiak ere maila oso handikoak baitira.
Euskal Herritik kanpoko harri-jasotzaileak ere une honetan nahikoa modan jarrita daude, eta horietako bat, Julio Jimenez avilarra, bertan izango da. Bera da gehien dabilena hemengo kirolariekin lehiatzen, eta saio honetan ere ez du hutsik egingo. Apurka-apurka ikastea eta hemengoekin lehiatuz hobetzea omen da bere asmoa, eta horretan ari da.
Harri-jasotzaileen lehiaketak ugaritu egin dira azkenaldi honetan, eta jarraipena datorren asteburuan izango dute, Izeta II.a orduan agurtuko baita. Aiarrak marka handi bat eginda utzi nahi ditu plazak, eta hori prestatzen ari da orain.