Ariane KAMIO
ZARAUTZ
Entrevista
UXUE ALBERDI
IDAZLEA

«Saiatu naiz mina agerian uzten, gardena izaten, baina dramarik gabe»

Heroinaren eta 80ko hamarkadako taberna zuloen, pintaden eta giro alternatibo eta gogortasunezkoaren urertzetan sortu du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) «Jenisjoplin» eleberria, borroka sozialari eraikuntza intimoago bat birsortu dion lana.

Nagore Vargasi eman dio protagonismoa Uxue Alberdik “Jenisjoplin” (Susa) eleberrian. Hiru hamarkadatan atzera egindako bidaia bat da, beti aurrerantz doana. Gatazka politikoak, egoera sozialak ditu janzkera Vargasek eta errebolta zamatsuak, bihotz. Barne korridorean egindako bidea da Alberdik proposatzen duena, leihotik begiratuta gertakari sozio-politikoen guneetaraino iristen dena. Gorputza, tabernak, sexua, borroka ditu arima korronte azkarrean behera jaisten den nobela berriak, mina gogortasunari atxikita doakion eremu sigi-sagatsuan.

Zuzendu oker banago, baina Uxue Vargas bat ikusi dut liburuan edo Nagore Alberdi bat. «Jenisjoplin» ez da autofikzioa, fikzioa baizik, baina zure oroitzapenetara jo duzula iruditzen zait.

Idazten hasi aurreko ariketa handi bat dago eta gauza asko memoriari tiraka idatzitakoak dira. Ez da Uxue Vargas bat edo Nagore Alberdi bat, pertsonaia ez da autobiografikoa, istorioa ere ez; nire haurtzaroko auzoak ez zeukan zerikusirik Nagorerenarekin, baina egia da beranduago egin nituela halako auzoetan bizi ziren lagunak eta haurtzaro horretan deskribatzen den herri horrek gure haurtzaroko Elgoibarren antz handia daukala. Eta zerbaitegatik aukeratu ditut gai hauek, ukitzen nautelako.

Iruditzen zait, gainera, memoria oso selektiboa dela eta emozioei oso lotua. Gordetzen dira txikitan eta gaztetxotan inpaktatu gaituzten gauzak, eta inpaktatzen gaituzte badaukatelako garrantzi bat, eta ez da berdin beste batzuen memorietatik hartutako informazio hori edo norberaren memorian grabatuta gelditu dena.

Atentzioa eman didate heroinomanoek. Adin bertsukoak gara biok eta heroinaren mugimendu horren azken hondarrak gogoan ditut…

Nik ere bai.

… eta irudi horiek oso islatuta daude eleberrian.

Heroinaren mundu guztia eta hiesarena gure haurtzaroan oso presente zeuden, asko hitz egiten ziguten gai horietaz. Gure belaunaldian lagun dezenteren izeba-osabak hil ziren herrian, edo buruko gaixotasunak garatu ere bai, behin eta berriz esaten ziguten gure herrian belaunaldi bat falta zela. Bi urterekin balletera apuntatu ninduten eta gaztetxeko azken solairuan ematen ziren eskolak eta esaten ziguten lehenengo pisuan yonkiak egoten zirela. Ikastolara joaten ginen halako belar zakarreko mendi bide batzuetatik eta hor gogoratzen ditut xiringak nola topatzen genituen eta esaten ziguten haiekin ez jolasteko. Gogoratzen ditut oraindik interpretatzen ez nekizkien pintadak. “Gora ETA M”. Menditik jaitsi eta pareta batean ikusten zen eta nik “Gora ETA Mendira” interpretatzen nuen, handik gora joanda mendira joaten baitzen. Aldi berean, hori uste izan baina ez ginen atrebitzen benetan zer esan nahi zuen galdetzera, edo zeini galdetu eta zein momentutan, intuitzen zenuen bazegoela hor atzean zerbait potoloa zena. Aldi berean, momentu batetik bestera desagertu egin zela gaia. Heroina ez zen existitzen, droga sintetikoen eta speedaren garaia iritsi zen Elgoibarrera eta hiesaren gaia duela 25 urte beldur nagusia zen bezala sexu harremanetan eta abar, gure garaiko beldurra izan da haurdunaldirako beldurra eta gaixotasunak ez dira existitu.

Sexua aipatu duzu. Garrantzia berezia du sexuak. Eta badago aldaketa bat. Hasieran harreman bitalistak ditu Nagore Vargasek, baina gaixotasunaren berri jakin ondoren «antzutu» egiten da, kastratu.

Nagorerentzat sexua berak esaten du izan dela gauza askotarako bide. Eleberriaren hasieran esaten du berarentzat badela ohetik kanpo elkar zaintzen jarraitzeko itun bat eta erabiltzen duela konplizeak bilatzeko. Hori adierazten da, nola erabiltzen duen nerabezaro galdu bat. Momentu batean maitaleen katalogo bat egiten du. Nagore gauza guztietan oso azkar iniziatzen da eta institutuan dagoenean eta beste guztiak sexuan iniziatzen hasten direnean jolasten du horretan ere berria balitz bezala, maitale batekin, besteek egiten dutena egiten, arroparen gainetik elkar ukitzera mugatzen. Nerabezaro galdua berreskuratzen du sexuaren bitartez. Militantziaren eta Bilboko hiriaren ateak ere irekitzen dizkiote maitaleek eta horrela bizi du. Eta ez hori bakarrik, aitorpen intelektualaren bila ere erabili izan du sexua, plazererako. Nagore da gorputzez asko bizi duen pertsonaia bat.

Bada eszena bat aitak uretara jaurti egiten duena. Eta metafora gisa ere Nagore halaxe jaurtia izan da bizitzara. Lehenengo bizi, eta gero pentsatzen ditu gauzak.

Sexu aldetik bada ibilbide bat, baina azkenean bere osoan egiten du Nagore Vargasek berrasmatze bat.

Igual liburua idatzi ostean konturatu naiz, ez Nagore bakarrik, pertsonaia asko daudela beraien identitatearekin nolabaiteko gatazka batean. Amak ere baserri mundu euskaldunetik, zenbaitentzako itxi izan daitekeen horretatik, ihes egiten du zerikusirik ez daukan herri batera, beste hizkuntza batean funtzionatzen duen giro batera, eta hor bere identitatea berrasmatzen du.

Aita ere –Rafa Vargas– Andaluziako langile familia bateko semea da, ezkertiarra da, eta kontaktuan dago era berean garai hartan borborka zegoen abertzaletasun mundu horrekin, baina bera maketoa da eta ez zaio gustatzen besteek bera horrela klasifikatzea eta hor badago beste borroka bat.

Eta Nagorek hasieratik dauka identitate konplexua, ez behintzat pieza batekoa, eta niri interesatzen zaidana da bi identitateak politizatu egiten dituela. Iruditzen zait batzuetan gureak ez diren taldeei kentzen diegula agian politizatzeko edo pentsatzeko gaitasuna. Talde abertzaleentzat beraiek dira ideologia dutenak eta maketoak ikusten dituzte bizirauten ari diren gizajo batzuk bezala, bazterreko errebeldeak. Baina haiek ere beraien artean politizatuta daude eta ari dira borrokan beste gauza batzuen alde, baina ez dituzte ikusten ondoko taldearenak.

Badira eszena gogorrak eleberrian, baina dramatikotasunetik urrun dira denak.

Ez nuen dramarik nahi. Erabat ihes egin dut horretatik, zeren Nagore Vargas ez da biktima bat, bera borrokalari bat da, errebelde bat da. Eta gainera gaztea da, bizirik dago eta lagunak dauzka eta oso bitalista da. Saiatu naiz gogortasuna edo mina oso agerian jartzen, gardena izaten horretan.

Euskal Herriko egoera politikora ere gerturatu zara. Aurkezpenaren egunean esan zenuen, «heroien kulturatik zaurgarritasunaren kulturara» igaro garela.

Kontzeptu hori Mari Luz Estebani lapurtu nion. Iruditu zitzaidan buruan neukana eta kontzeptualizatu gabe neukana oso ondo laburbiltzen zuela. Epikaren kulturatik badirudi emozioen kulturara pasatu garela, baina oraindik epikak pisu handia dauka. Nire helburua ez zen epaitzea, iruditzen zait bizirauteko estrategia desberdinak direla, garaiaren arabera, eta, estrategia guztiek bezala, agian momentu batean funtziona dezake eta salba zaitzake, eta gero zure kontra etor daiteke. Nagorek bizirauteko behar izan du oso armadura gogorra eraiki, baina gero azal hori bera izan da bera itotzen ari zena. Sozialki ere uste dut antzeko zerbait gertatu zaigula. Funtzionatu dugula kode oso gogorretan eta batzuetan zurrunetan, ezinbestekoa izan delako garai batzuetan bizirauteko eta herri bezala eta kultura zapaldu bezala ezinbestekoa izan delako, baina ondoren hori ekartzen ari den faktura ere zenbaterainokoa den. Zenbat sufrimendu dagoen eta sufrimendu hori kudeatzen ez baldin bada zenbat arrisku dauzkan.

Liburua irakurrita hiztegi bat osatu dut ezagutzen ez nituen hitzekin.

[Barreak] Hor badago apustu bat eta iruditzen zait asko eragiten digula hizkuntza gutxitu eta zapaldu batekoak izateak. Irakurtzen dugu ezagutzen ez dugun hitz bat eta larritu egiten gara. Hasiko bagina gaztelerazko edozein liburutan azpimarratzen benetan zehazki ezagutzen ez ditugun hitzak seguru nago halako zerrenda edo luzeagoa osatuko genukeela. Gauza bat da eguneroko hizkuntzan ze hitz erabiltzen ditugun, nola espresatzen garen, baina uste dut literaturaren funtzioa ere badela hori, eta liburua uste dut ez dela konplikatua.

Ez, baina hizkuntza jantzia darabilzu.

Saiatu naiz hizkuntza zehatza erabiltzen. Eta niri ere askotan termino asko gazteleraz etortzen zaizkit, hizkuntza jasoago hori hainbat lekutatik iristen zaigulako, eta baditu euskaraz ordainak. Eta iruditzen zait literaturan erabili egin behar direla eta badela literaturaren funtzio bat hitz horiek euskaraz ematea. Zergatik esan behar dugu ‘bulnerabilitatea’ ‘zaurgarritasuna’ existitzen baldin bada edo zergatik ‘sororidadea’ ‘ahizpatasuna’ baldin badugu. Hor badago apustu bat. Segur aski, niri ere galdetzen badizkidazu hitz horiek banaka-banaka ez naiz denekin akordatuko, baina nik beste idazleen liburuekin ere gauza bera egiten dut. Azpimarratzen ditut ezagutzen ez ditudan hitzak ikasteko eta hiztegi hori zabaltzeko.

Bazeneukan nobelaren tonua idazten hasi zinenean, baina egitura ez zeneukan hain garbi. Eta Susako editore Gorka Arreserengana jo zenuen.

Bai, debekatu dit bere izena gehiagotan aipatzea [barreak]. Nik bera editore bezala asko estimatzen dut, editore ona da eta inplikatua eta asko ematen dio testuari berari. Baina horretaz gain editorearen figura aldarrikatu behar da eta uste dut inportantea dela irakurleak jakitea idazleak ez duela bakarrik idazten. Hau da, bai, idazten duzu eta hitz bakoitza zuk jartzen duzu dagoen tokian, baina editorea da figura bat ehunka liburu esku artean izan dituena eta ezagutzen duena liburu bat josteak izan ditzakeen hainbat problematika, bide bakoitzak ze ate ireki eta ixten dituen. Askotan idazlea bera bere istorioarekin toki batera begira dago eta kosta egiten da perspektiba zabaltzea. Eskertzen da hain bakartia den lan batean eta inorekin konpartitzen ari ez zaren lan batean egotea norbait ezagutzen dituena zure pertsonaiak, ezagutzen duena zure istorioa, ezagutzen duena zuk zer kontatu nahi duzun eta ikuspegiak trukatzeko bide ematen duena. Gure kasuan edizio lana izan da asko hitz egitea pertsonaiei buruz, dialogoei buruz, eszena bakoitzak aportatzen duenari buruz. Eta uste dut horrela asko hazten dela liburu bat. Musikarientzako produktorea oso inportantea den bezala, guretzat ere hala da editorea. Editore profesionalak daude eta ez profesionalak. Liburua idatzi nuenean hiruzpalau laguni pasatu nien eta haiek ere egiten dute kontraste lan bat ezinbestekoa dena.

Inguruak lagundu dizu, beraz.

Bai, asko. Adibidez, bada pasarte bat ETAk armak behin betiko uztea erabakitzen duena. Nik berri hori irrati bidez jaso nuen, bertso saio batera nindoala Beñat Gaztelumendiren kotxean. Berari eta Ainhoa Agirreazaldegiri eskatu nien, konfiantza handia dudanez, ea bidaliko zizkidaten beren sentipenak eta nireekin kontrastatu nituen. Eta gogoeta batzuk liburuan sartuta daude.