Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ahaltsuaren sindromea

Uxue Alberdiren azken liburua, “Jenisjoplin”, oso gustura irakurri dut; ordu txikitan mesanotxean utzi, eta biharamunean gogoa nuen berriz hartzeko. Zer gehiago eska dakioke nobela bati, ezta? Beharbada, protagonista ondo erortzea, sinpatia izatea hari. Bada, Nagore Vargasek (bera da Jenisjoplin) niri halako atzerakoa eragin dit, tarteka, zentzu askotan hura ezin hobeki ni izan nintekeen arren. Oso bitxia, eta ez dakit izan den zenbait kontuz hitz egitean darion harrokeriagatik, beti errebeldeetan errebeldeena izan behar horregatik edo munduaren erdigunea balitz bezala beste guztiak inguruan kezkak jota dantzan dituelako. Ez dakit, baina eman dit zer pentsatua.

Izan ere, erreparatu diozue inoiz zer-nolako arbuioa eragin ohi duten, oro har, emakume indartsuek? Alegia, nortasun ez-otzana, ez-eztia, ez-ezkutua, ez-barkabera eta ez-ohikoa dutenak? Gizonezkoa balitz, ordea, menderakaitza, irmoa, distiratsua, bere idealei leiala eta apartekoa litzatekeenak? Bada, ni bai, aspaldi jabetua nago halako emakumeek “ahaltsuaren sindromea” jasan behar izaten dutela: ingurukoen aldetik halako etengabeko epaiketa soziala, non epaia beti den kondenatzailea, beti; bikote-harreman zapuztuak bata bestearen atzetik, bikotekideak (gizonak) ezin jasateagatik hark amore ez ematea, ez onartzea edozer eta, gainera, harremanari maila exijitzea (kuriosoa bada ere, hain zuzen horrek guztiak maitemindu bazuen ere hasieran). Jabetuta nago, halaber, zenbat eta zenbat emakume sendo eta baliotsuk, azkenean, beren nortasuna disimulatzen duten, apaltzen nolabait, lanean lasai egon ahal izateko, adibidez, edo bestela bakarrik bukatuko dutela sinetsita daudelako, inguruko beste halako emakumeei nola doakien behatuta.

Izan ere, emakume nabarmengarriak, menderakaitzak eta borrokalariak edo desberdintzat (oso zentzu txarrean), edo erotzat, edo desegokitzat, edo erauzi beharreko ipurdiko pikortatzat hartuak dira. Finean, arriskutsutzat munduko parte honetako jendarte-motari eusteko ezarritako gizon-andrazko binomiorako, gizonezkoen pribilegio-zorroaren segurtasunerako, bereziki.

Pozarren nabil ikusten zelan gero eta gehiago emakumeok harro gabiltzan feminismoaren aterkipean guztiok, askotarikoak, elkar hartzen, otzantasunaren eta diskrezioaren mozorroak zaborretara botata, eta zelan batasun jada geraezin hori izugarri urduritzen ari den jendarteko elite politiko, ekonomiko eta intelektuala. Zelan ari garen ahaltsuaren sindromea harrotasun bilakatzen.