23 OCT. 2017 TRAIL Euskal korrikalariaklehen lerroan ibili dira Skyrunning World Series zirkuituan, Maite Maiorak Extrem modalitatea eta Overall izeneko sailkapena irabazi ditu. Aritz Egea, berriz, Europako Txapeletan gailendu da eta Sky-ren zirkuituan bigarren sailkatu da. Oihana Azkorbebeitia bosgarrena izan da Sky-n. Andoni ARABAOLAZA Trail munduari azken begiratu bat emango diogu, besteak beste, denboraldiko lasterketa zein zirkuitu nagusiak bukatu baitira. Skyrunning World Series-en “etena” egingo dugu, zirkuitu horrek antolatzen dituen hainbat modalitatetan euskal korrikalariek protagonismo handia izan baitute. Batez ere, Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia eta Aritz Egearen izenak azpimarratu behar ditugu. Aipatu dezakegu, hirurek ala hirurek denboraldi biribila egin dutela. Hori guk diogu; agian, lerrootako protagonistek ziurtatuko dute arantzaren bat atera gabe geratu zaiela. Baina lortutako emaitzek eta tituluek argi uzten dute lehen lerroan ibili direla. Maiorari dagokionez, lehenik eta behin, aipatu behar dugu World Series zirkuituan La Sportiva taldearekin lehiatu dela. Mendaroko korrikalariak bi titulu irabazi ditu. Extrem modalitatean, adibidez, hiru lasterketa jokatu dira, eta horietako bi irabazi ditu: Italiako Gran Paradiso eta Norvegiako Tromso. Horrenbestez, mendaroarra erregularrena izan da, eta Extrem modalitateko titulua jaso du. Modalitate horretaz gain, World Series zirkuituan Sky-koa ere jokatzen da; euskal korrikalaria seigarren postuan sailkatu da. Bi lehia irabazi ditu: Zemagakoa (errekorra ezarri zuen 4:34ko denborarekin) eta Italiako Livignokoa. Extrem eta Sky-n lortutako emaitzei esker, Maiora Overall sailkapenean lehen tokian geratu da. Horiek guztiak dira, beraz, nazioarteko zirkuitu horren aurtengo denboraldian gipuzkoarrak lortu dituen emaitza nagusiak. Alabaina, uste dugu nabarmentzeko beste emaitza batzuk badirela. Horien artean hauek: Courmayeur-Champex-Courmayeur-Chamonixeko bigarren postua eta Kataluniako Ultra Pirineuko garaipena. Aurtengo egutegia ikusita, Maiorak onartu du helburuak bete dituela: «Denboraldiko xede batzuk Extreme-ko Munduko Kopa, Overall eta Zegama, Livigno, Red Bull 3k (bertikala) lasterketak ziren. Eta helburua bete dut. Horretaz gain, ultra bat probatu nahi nuen. Kataluniako Ultra Pirineura joan eta irabazi egin nuen. Sky eta ultrak aldi berean egitea oso zaila da, baina neurri batean emaitza onak lortu ditut». Bitartean, euskal selekzioko lasterkari Oihana Azkorbebetiak Sky-n lehiatu eta sailkapen nagusian mendaroarraren aurretik geratzea lortu du; hots, bosgarren postuan. Azpimarratzeko modukoa da abadiñarrak Kataluniako Buff Epic Trail-en sinatu zuen garaipena. Europako txapela Azkorbebeitia bezala, Egea euskal selekzioarekin lehiatu da. Denboraldi luze horretan bi helburu zituen: Sky-ko zirkuitua eta Europako Txapelketa. Azken lehia nagusi horri dagokionez, esan behar dugu hilaren 7an jokatu zela Euskal Herrian bertan: Gorbeia Suzien. Urretxuarrak ez zuen inolako arazorik izan Skyrunning-eko Europako Txapelketa irabazteko; izan ere, hasieratik helmugaraino lehen postuan egon zen. Hala ere, titulu horretaz gain, Egeak beste bat ere sartu nahi zuen patrikan: Sky zirkuitua. Greziako Olimpus eta Ameriketako Estatu Batuetako The Rut irabazi ostean, Livignoko azken hitzordura titulua eskuratzeko “itxaropenarekin” iritsi zen. Jakin bazekien zaila izango zuela, Marco De Gasperi aurretik zuelako. Azken lehia horretan (Europako Txapelketatik astebetera jokatu zena), gipuzkoarra ez zen batere fin ibili eta 15. postuan sailkatu zen: «Lasterketa horretan gauza asko batu ziren: denboraldia oso luzea izan da, astebete lehenago Gorbeia Suzienen eginiko ahalegina, lehiaren presioa... Uste nuen oso sasoiko nengoela, baina gauzak ez ziren ondo irten». Hala eta guztiz ere, lasterkari gipuzkoarra Sky-ko sailkapen nagusian bigarrena izan da.