24 OCT. 2017 Letren eta ilustrazioen batuketatik sortutako altxorra Haur eta gazte literaturaren inguruko hausnarketa proposatzen duen «Uhartearen altxorra» erakusketa Donostiako San Telmo Museora iritsi da lehenengo geldialdia Bilbon egin ondoren. Urtarrilaren 17ra arte da ikusgai letrek eta ilustrazioek bat egiten duten eremua. Última actualización: 24 OCT. 2017 - 07:18h GARA DONOSTIA «Testuaren artearen eta ilustratzailearen artearen batuketa uste baino maizago gertatzen da, eta hori ezagutzen ez dugun altxorra delako sortu dugu hau». Koldo Izagirre idazle eta erakusketako edukien arduradunaren hitzek agerian uzten dituzte “Uhartearen altxorra”-ren ardatzak: literatura bera, eta hura irudikatzen duten ilustrazioak. Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Mikel Valverde, Karlos Linazasoro, Eider Eibar, Bernardo Atxaga, Antton Olariaga... Idazle zein ilustratzaile, denak izan dira lehenago ala geroago umeentzako ipuinen erreferente, eta haien lanak daude ikusgai San Telmo Museoan. Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko literaturatik sortutako pertsonaia, ilustrazio, gai eta garaiek osatzen dute Donostiako San Telmo Museoko Laborategian urtarrilaren 17ra bitartean ikusgai dagoen doako erakusketa. San Telmo Museoak, Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur Sailak eta Dijitalidadea enpresak elkarlanean antolatu dute, eta Juanba Berasategi izan zen zuzendari artistikoa. 80ko hamarkada abiapuntu Haur eta gazte literaturako pertsonaiak ageri dira erakusketan, baina bilduma ez da soilik umeentzat. «Aintzat hartu ditugu gurasoak, hezitzaileak eta komunikabideak ere; publiko guztientzako pentsatua dago». Eta hala dela dirudi, garai desberdinetako haur eta gazte literatura islatzen baitu erakusketak. Azken hamarkadako sorkuntzez gain, 1984an Bernardo Atxaga idazleak sortu eta Antton Olariagak marraztutako Jimmy Potxolo pertsonaia ageri da tauletako batean, esaterako. Baita Mikel Valverde eta Atxaga beraren Bambulo ere. Mundua ehun liburutan «interpretatzeko» sortu dute erakusketa. Errealismo fantastikoa, zientzia-fikzioa, abentura liburuak, umorea, misterioa eta polizia nobelak tartekatu dituzte literaturari buruzko «hausnarketa» egiteko. Askotarikoak dira, hortaz, erakusketa osatzen duten ehun ipuinak. Koldo Izagirre idazleak egin du erakusketa osatzen duten liburuen hautaketa. 1980ko hamarkadatik 2010era bitarteko lanak biltzea izan zuen hasierako asmoa, baina aurreragoko batzuk ere hautatu ditu. Horrenbestez, Aitziber Alonso, Eider Eibar, Bruno Hidalgo eta Marimar Agirreren ilustrazioak ere ikusgai daude. Erakusketaren egitura ez da kronologikoa; gaika antolatuta dago. Paneletako ilustrazioekin eta pertsonaien esanekin batera, taula bakoitzaren ertz batean pertsonaien izenak daude zerrendatuta. Baina zerrenda luzeak dira, eta ez dute zertan ondoan daukaten pertsonaiaren izenak izan; zenbaitetan beste panel batzuetan daude pertsonaia horien irudiak. Horrela, joko baten modura planteatu dute erakusketa; baliteke ikusleak ezer baino lehen izena irakurtzea, eta, pisten bidez, pertsonaia bilatu behar izatea, ondoren. Ilustrazioak agertzeaz gain, erakusketa osatzen duten pertsonaien liburuetan lantzen diren gaien zerrendak ere ikusgai daude jarri dituzten tauletan. Bakardadea, migrazioa, adopzioa, Downen sindromea, haztea, sexismoa, nortasuna, zahartzaroa... Egunerokotasunarekin lotu nahi izan dituzte erakusketaren edukiak, eta, gaiekin batera, idazle eta ilustratzaileen aipuak ere bildu ditu erakusketak. Haur Liburutegi Nagusian, erakusketarekin lotuta dauden 100 libururekin sortutako txokoa sortu da, halaber. Liburuok esku artean erabili ahal dira. Ikastetxeei zuzendutako bisita didaktikoak ere eskaini dira eta txanda guztiak bete dira. Hala ere, ikastetxeek izena eman dezakete erakusketa bere kasa ikusteko. Hori eskatzen duten taldeei gida didaktikoa bidaliko zaie. Eskaerak stm_erreserbak@donostia.eus helbide elektronikoan egin behar dira. DOAN Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko literaturatik sortutako pertsonaia, ilustrazio, gai eta garaiek osatzen dute Donostiako San Telmo Museoko Laborategian urtarrilaren 17ra bitartean ikusgai den doako erakusketa.