Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Erantzuna Internet al da?

Ia 30 urte dira Internet jaio zela. Eta bere garapenean lagundu zuten akademikoen artean, izango dira Interneten egungo argazkia ikusi nahi ez zutenak. Horietako batzuek Internetek teknologia demokratizatzea nahi zuten. Deszentralizatua izatea. Eta neutrala. Baina nabaria da Internetek ezberdintasunak handitu ere egin dituela.

Eta, bien bitartean, mundua googlelizatzen ari da (bere momentuan Microsoftekin gertatu zen bezala). Munduko publizitate enpresa handiena, besteak beste, akordioekin hezkuntza-maila guztietara iristen ari da.

Amazon-en ia denetarik eros daiteke, liburu-denda gisa hasi bazen ere. Marjina txikiak eta deskontu bereziak exijitzen ditu. Eta, horrela, liburu-denda asko itxi ditu. Zer ixten ari da orain? Denetarik?

Facebook egungo big data enpresarik kotizatuena da (erabiltzaileen gainean duen informazio kantitateagatik). Instagram bereganatu zuen, historian inoiz baino argazki pertsonal gehiago bildu dituen aplikazioa. Whatsapp ere bereganatu zuen, Europar Batzordeari gezurra esanda. Berdin dio. Isunik handienak ordaintzeko gai da Facebook. Whatsapp bereganatzeak ez zuen preziorik (ez bere kapital intelektualagatik, bere erabiltzaile kopuruagatik baizik).

Google, Facebook eta Amazon, hurrenez hurren, bigarrena, seigarrena eta bederatzigarrena dira mundu mailako 2016ko burtsa-balioaren rankingean. Eta denak dira prezio altuko doako zerbitzuak. Proportzioan, gehien fakturatu eta langile gutxien dituzten enpresak dira. Zenbat eta erabiltzaile gehiago, orduan eta balio ekonomiko handiagoa dute (Metcalfe-ren legea). “Internet ez da erantzuna” liburuan langileak gu garela esaten du Andrew Keen-ek. Dio, era berean, «zenbat eta gehiago erabili, orduan eta balio ekonomiko gutxiago eskaintzen digula guri». Eta gure jendarteari, gehituko nuke nik.