Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Epika eta post-epika

Egiaren ostean post-egia heldu zitzaigun legez heldu zaigu post-epika, epikaren ordezko balio berria. Irizpide ekonomikoak nagusitu dira, eta garai batean bizirik iraute biologiko bera baino garrantzitsuagoak baziren bizitzari bizitza deitzeko oinarrizko baldintzak (duintasuna, askatasuna, berdintasuna...) orain kontsumo gaitasuna beste edozein balioren gainetik ezarri dugu, bizitza kalitatea era material hutsean ulertuta. Gure agintarientzat barne produktu gordinak neurtzen ei du bizi kalitatea. Ni, ostera, gai horretan J. F. Kennedyk esan zuenaren aldekoa naiz: «Barne produktu gordinak guztia neurtzen du, bizitza bizitzea merezi izatea egiten duten gauzak izan ezik».

Euskal agintari politikoek aurreko astean epika «erakargarria bezain iragankorra» dela esan zieten kataluniarrei. Astebete igaro dut europar zibilizazioaren sorrerako narratibaren ikerlarien lanak errepasatzen, eta guzti-guztiek uste dute Esteban jaunak aitortutakoaren aurkakoa. Inori ez zaio begitantzen Ulises, Akiles edo Leonidasentzat pertsonalki erakargarriak zirenik hartu zituzten erabakiak, baina euren jarrera estrategikoki inteligentearen memoriak (hori da epika, bizitza bizitzea merezi izatea egiten duten gauzak kostu materialen gainetik ipintzen dituen epe luzeko inteligentzia) efektu biderkatzaile izugarriak izan zituen euren helburuen alde eta 2.000 urte beranduago film arrakastatsuen gai bihurtzen jarraitzen dute. Orduan oraingo agintariak izan bagenitu, sekula ez zen existituko Europa, zibilizazio balio sortzaile legez ulertuta. Pertsiar Inperioaren erregioa baino ez ginen izango, hori bai, autogobernu mailaren batekin.

Low cost erabakietan oinarritutako post-epika da erakargarri bezain iragankorra dena. Ez dago kostu murrizketan oinarrituta epe luzean aberastasuna sortzerik lortu duen estatu ez eta enpresarik ere. Baina zer axola dio horrek begietan distira duen pertsonak eta begietan distirarik ez duenak bizitza kalitate bera dutela uste duen kudeatzaileari?